Zelai Ondo elkartearen 50. urteurreneko festa, larunbatean Itsason
Hasieratik bazkide diren zazpi herritar omenduko dituzte. Bazkari herrikoian elkartuko dira eta festa giroa izango da nagusi.
Herriari eta kulturari bultzada emateko helburuarekin sortu zuten Zelai Ondo elkartea Itsason, orain dela 50 urte. Herritarrentzako topagune izan da zentzu askotan eta diruz ere lagundu ditu herrian aurrera eraman diren ekintza asko: jubilatuen bazkaria, herriko gazteen irteerak, festak… Herritik harago, Korrika edo Euskaldunon Egunkaria ere diruz lagundu izan ditu. Mende erdiko ibilbidea ospatzeko eta elkartearen bultzatzaile izan ziren herritarrei aitortza egiteko festa egingo dute larunbat honetan.
1975eko udazkenean aurkeztu zituzten elkartearen estatutuak Gobernu Zibilean, Donostian eta 1976ko urtarrilaren 12an onartu zituzten. Aurretik, eskola izana zen gaur elkarteak betetzen duen eraikina eta udalari elkartea eratzeko baimena eskatu behar izan zioten gero. Udalak 1976ko maiatzaren 15ean onartu zuen eraikina elkarteko bazkideei uztea eta urte bereko ekainaren 20an inauguratu zuten 46 bazkiderekin.
Hasiera haietan, bazkide bakoitzak 4.000 pezetako sarrera eman behar izan zuen, eraikina txukundu eta atondu ahal izateko eta hileroko kuota 50 pezetan ezarri zuten. 1982an, eraikina zabaltzeko obra bat egin zuten, «dirudienez, eraikinaren atzeko zelaiak markesaren batena izan behar zuen eta markesaren etxera joan behar izan zuten Donostiara lurrak uzteko baimena eskatzera», kontatu du Iker Lizardi elkarte kideak. Azken berrikuntza elkartearen bigarren solairuan egin dute aurten, herritarrentzako erabilera anitzeko espazio bat sortuz.
Emakumeak elkartean
Elkarte aurrerakoia izan zen zentzu batean, Zelai Ondo; izan ere, hasiera hasieratik izan zuten emakumeek elkartean bazkide izateko aukera. Bittori Garcia izan zen emakume bazkide bakarra urte askotan, «elkartea ireki eta urte betera alargundu zen eta senarraren partez sartu zen. Hasieratik emakumeek elkarteko bazkide izateko eskubidea bazuten arren, 90eko hamarkada ia amaitu arte ez zen emakume gehiago izan», dio. Gaur egun, 60 bazkide ditu elkarteak, gizonezkoak gehienak, baina baita emakumezkoak ere.
Larunbatean, herritar guztiei irekitako hamaiketako herrikoi batekin hasiko dute eguna. Ondoren, toka eta txinga lehiaketari emango diote hasiera elkarte aurrean eta 13:30ean, bazkide gisa hasieratik dauden Cayetano Iraeta, Luzio Iraeta, Julian Etxezarreta, Jose Inazio Usabiaga, Mikel Jauregi eta Joxe Mari Aldasorori omenaldia egingo diete, baita urte bete beranduago sartu zen Bittori Garciari ere. Bazkaria egingo dute gero eta Gari eta Iñaki trikitilariak izango dira egun osoan zehar.













