Antzerki tailer inklusiboak antolatu dituzte udalak eta Dar-Dar kooperatibak
Maider Bartolome Gurrutxagak gidatuko ditu saioak, ostiralero 15:00etan Urbietan. Herritar guztientzat da, doan. Izena emateko epeak urriaren 28ra arte irekita jarraitzen du.
Dar-Darek eta udalak antolatutako 'Gizaki Bitxidunak' ekimeneko saioetako bat ikasleekin.Beasaingo Udala Antzerki tailer inklusiboak antolatu dituzte herritar guztiei zuzenduta udalak eta Dar Dar gizarte ekimeneko kooperatibak. Urbieta eraikinean egingo dituzte ostiralero, 15:00etatik 17:00etara, hasiera batean urte amaierara arte, eta luzatu egingo lukete harrera ona izango balu.
Parte hartzea doakoa da eta izena emateko epeak urriaren 28ra arte irekita jarraitzen du. Izena emateko edo informazioa eskatzeko, 657 799 622 zenbakira deitu edo idatzi behar da. Udalak azaldu duenez, “herritarren arteko harremanak bultzatzeko eta nahi ez den bakardadeari zein buru osasuneko arazoei aurre egiteko helburua” du ekimenak.
Proiektuak antzerkia eta arte-sorkuntza erabiltzen ditu tresna nagusi gisa pertsonen arteko komunikazioa, sormena, auto-konfiantza, enpatia eta talde lana sendotzeko. Inklusioa “elkarrekin sortuz, adierazteko moduak errespetatuz eta talde dinamiketan parte hartuz gauzatzen den praktika” dela nabarmendu du udalak.
Ez da baldintzarik bete behar parte hartzeko, ez da adin tarte zehatzik ez esperientziarik behar. Laguntza pertsonala edo irisgarritasun baliabide zehatzak behar dituzten pertsonak antolatzaileekin jar daitezke harremanetan aukerak aztertzeko.
Maider Bartolome Gurrutxagak gidatuko ditu saioak. Arte Dramatikoko goi-mailako diplomatura du, eta urte askotako esperientzia dauka Dar-Dar Produkzioak taldean aktore, dinamizatzaile eta antzerki irakasle bezala.
Adinberriren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza du ekimenak.













