Egun bakarreko Ordiziarrock, lehen aldiz
Jaialdiak formatua aldatu du aurten, antolakuntza taldearen nekeak bultzatuta. Eguerditik gauera arte luzatuko den egun bakarrean bilduko dute proposamen berria.
Euskorleans taldea izango da larunbatean Ordizian.Hitza 23 urte ez dira alferrik igarotzen; Ordiziarrock jaialdiak ibilbide luzea egin du Ordiziako kultur egutegian eta milaka musikazaleen elkargune izan da urte luzeetan zehar. Urko Ruiz de Apodaka ordiziarra da antolakuntza taldean buru-belarri aritu den herritarretako bat, eta azaldu du urte askoan poztasun ugari ekarri dituen ekimena izanagatik ere, antolakuntza lanek ere badutela beren kostua: «Ordiziarrock bezalako jaialdi bat antolatzeak izugarrizko lana dakar. Urte osoko konpromiso, inplikazio eta diseinua eskatzen du, eta urteko lan osoari jaialdi handia gehitzeak buruhaustea eta nekea suposatzen ditu». Bada, 23. aldi honek agerian utzi du antolakuntza taldeko kideen urteetako zama pilatua.
Ruiz de Apodakak jakinarazi du orain hilabete eskas erabaki zutela aurtengo edizioa aurrera ateratzea: «Hainbat arrazoi tarteko, irailean aurten jaialdirik ez antolatzea zen asmoa». Irailaren 14an egindako bileran, ordea, formatuari buelta pare bat emateko proposamena atera zenez, jaialdiari eustea eta ekimena antolatzea erabaki zuten antolatzaileek.
Kale eta plaza bereziak
Aurtengo Ordiziarrock, beraz, ez da aurrekoen errepikapena izango. Ez du ohiko egiturarik izango, ez eta aurreko urteetako antolaketarik ere. Urteetako lanaren nekeak eraginda, taldeak beste bide bat hartu du eta formatua aldatzea izan da jaialdiari jarraipena emateko aukera bakarra. «Buruak lehertuta ditugu. Orain, lehertu daitezela kaleak!» da aurtengo lelo nagusia, eta hitz-joko horrek badu, nolabait, edizio honen atzean dagoen errealitatearen arrastoa ere.
«Ordiziarrock bezalako jaialdi bat antolatzeak urte osoko konpromisoa, inplikazioa eta diseinua eskatzen du»
«Hainbat arrazoi tarteko, irailean aurten jaialdirik ez antolatzea zen asmoa»
Urko Ruiz de Apodaka. Ordiziarrock
Orain arte bizpahiru eguneko egitaraua izaten zen arren, egun bakarrera lekualdatu dute aurtengoan: larunbatean izango da, eta jaialdia bere ohiko eszenatokietatik kalera lekualdatuko dute. Pilotalekua izan da gaur arte ekimenaren erdigune, baina oraingoan, alde zaharreko kaleek eta plaza nagusiak hartuko dute lekukoa. Ekitaldiak leku bakarrean kontzentratu ordez, herrian barrena sakabanatuko dira, eta espazio bakoitzak bere tartea eta bere soinua izango ditu. Hain justu, Ruiz de Apodakak jakinarazi du horixe dela aurtengo edizioaren helburua: Ordiziarrock gune konkretu bat izatetik, herri guztira igaro eta kaleak ere Ordiziarrock areto bihurtzea.
Hala izanagatik ere, leku berean amaituko dute taldeek euren ikuskizuna: Ordiziako Plaza Nagusian. Antolatzaileek aurreratu dutenez, areto «berezi, goxo eta polita» muntatuko dute herriaren epizentro eta elkargune nagusi den plazaren erdian. Jana eta edana ere izango dira bertaratzen diren herritar eta parte-hartzaileentzat. Taldeen ikuskizunak amaitzeko «modu ezin hobea» izango dela ziurtatu dute.
Egun osoko doinuak
Eguerdian hasi eta gauera arte luzatuko den egun bakarrean bilduko dute, beraz, aurtengo proposamena. Euskorleans lehenengo proposamenak dagoeneko erakutsiko du aurtengo formatuaren norabidea. Euskal kantu eta dantza tradizionalak New Orleans estiloko brass band musikarekin uztartzen dituen kale ikuskizun ibiltaria da.
Musikaz harago, dantza ere kalera aterako dute larunbatean. Arratsaldean, 19:00etan hasita, Street Dantz dantza-ikuskizunak hartuko du Plaza Nagusia, eta bizikleta gainean mugitzen den La Dinamo funk musika talde kataluniarraren txanda izango da ondoren.
Gauean, berriz, 22:00etan, Zo-Zongo taldearen Psycho Clown kale-ikuskizuna izango da alde zaharrean, perkusioa, piroteknia eta antzerkia uztartzen dituena. Sakatu elektrotxarangak hartuko du jarraian lekukoa, eta musikaz beteko ditu kaleak. Dj Necoraren saioak emango dio amaiera ekimenari.
Aurrera begirako lanetan
Zama pilatu horren guztiaren erdian eta Ordiziarrock jaialdiaren bezperan, lasaitasun puntu bat ere transmititu nahi izan du Ruiz de Apodakak. Jakinarazi du dagoeneko aurrera begirako lanetan pentsatzen jarriak direla antolakuntzako kideak, eta aurreikusi dezaketenaren arabera, Delikantuz eta Ordiziarrock ekimenekin aurrera jarraituko dute.














