Eltziegoko irteerarako izen ematea zabalik, azaroaren 2ra arte
Irteera azaroaren 7an izango da, larunbata. Egun osoko egitaraua prest dago egun horretarako Eltziegon. Izena liburutegian eman behar da.
Idiazabal eguna, artxiboko irudian, Eltziegon.Idiazabalgo Udala Idiazabalgo Udalak senidetuta dagoen Eltziego (Arabar Errioxa) herrira irteera antolatu du datorren azaroaren 7rako. Azken urteetan bezala, Idiazabal eguna antolatuko dute Eltziegon egun horretan. Irteeran parte hartu nahi duten herritarrek azaroaren 2ra bitartean daukate izena emateko aukera.
Azaroaren 7an, 8:30ean irtengo da autobusa Idiazabaldik. Eltziegora iritsi eta hamaiketakoa egingo dute bertan. 12:30ean herri kirol saioa izango da eta 14:30ean, herri bazkaria Eltziegoko plazan. 21:00etan irtengo da Idiazabalerako autobusa Eltziegotik.
Izena liburutegian eman daiteke azaroaren 2ra arte, 10:30etik 12:30era goizez eta 16:00etatik 19:00etara arratsaldez. Irteeraren prezioa 25 eurokoa da.
Udaletik ohartarazi dutenez, 18 urtetik beherakoek heldu baten ardurapean joan beharko dute. Kotxez joan nahi duten herritarrentzat ere, izena ematea eta bazkarirako txartelak erostea derrigorrezkoa izango da.













