German Elkoro munduko txapeldun
German Elkorok eta Edorta De Antak jokatu dute euskal selekzioaren ordezkari gisa, eta 15-10 eta 15-9 irabazi diete Navarro eta Cabanne frantziarrei.
Pilota egokituko euskal selekzioa.EEPF German Elkoro beasaindarra munduko txapeldun bilakatu da Munduko Euskal Pilota Txapelketan, Argentinan. Atzo Euskal Herriko iluntzean jokatu da pilota egokituko trinketeko finala euskal selekzioaren eta Frantziaren artean.
German Elkorok eta Edorta De Antak jokatu dute euskal selekzioaren ordezkari gisa, eta 15-10 eta 15-9 irabazi diete Navarro eta Cabanne frantziarrei. Hala, euskal selekzioak txapelketako bigarren urrea eskuratu du. Lehena, Xabier Barandikak eta Unai Lekerikabeaskoak lortu zuten zesta-puntako binakakoan.
Beasaindarrak 2025eko abenduan Nazioen Liga jokatu zuen, eta txapeldunorde geratu zen.
Bihar, larunbata, 36 metroko frontoiko finala jokatuko du pilota egokituko euskal selekzioak, Frantziaren aurka hori ere.













