Maixabel Lasak Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du
Bortizkeriaren biktima izandako pertsona guztien "duintasunaren aitortzan eta elkarbizitzaren berreraikuntzan" egindako ekarpenagatik jasoko du Lurraldeko sari instituzional gorena.
ETAk indarkeria utzi zuela hamabost urte bete berri diren honetan, Maixabel Lasak (Legorreta, 1951) Gipuzkoako Urrezko Domina jasoko du, bortizkeriaren biktima izandako pertsona guztien “duintasunaren aitortzan eta elkarbizitzaren berreraikuntzan” egindako ekarpenagatik. Datorren abenduaren 16an jasoko du legorretarrak saria, Diputazioaren jauregian egingo den ekitaldian.
Lurraldeko sari instituzional gorena da, eta Eider Mendoza diputatu nagusiak eman du gaur aurtengo sarituaren berri. Lasaren “ausardia eta gizatasuna” azpimarratu ditu, bizipen pertsonal “oso mingarrietatik” abiatuta -ETAk Juan Mari Jauregi senarra hil zuen 2000ko uztailean-, “elkarri entzuteko, indarkeriak eragindako mina aitortzeko eta erreparaziorako” bide berriak ireki dituelako.
Lasaren ibilbidea
Eusko Jaurlaritzako Biktimen Arretarako Bulegoko zuzendaria izan zen Lasa 2001 eta 2012 urteen artean; hainbat egitasmo bultzatu izan ditu azken hamarkadetan, besteen artean, Gleencree ekimena, ETAko presoak birgizarteratzeko Langraiz bidea edota topaketa errestauratiboak, une oro “biktimen pluraltasuna eta duintasuna” gidari izanik, aldundiak jakinarazi duenez.
Mendozak gaineratu du bere ahotsaren eta bizitza ibilbidearen bitartez, urteetan “erreferentzia etiko eta zibiko oso indartsua” eskaini diola Gipuzkoako eta Euskal Herriko gizarteari, hain zuzen ere bakea eta elkarbizitza eraikitzea “lehen mailako desafioa” zen momentu batean.













