Mendi abentura asteari ekingo diote ordiziarrek azaroaren 2an
Azaroaren 2tik 6ra bitartean, jarduera ugari izango dira Barrenan. Ordiziako Mendizaleak eta Emaneurrek elkarlanean antolatu duten ekimena da.
Ordiziako mendizaleak. Ordiziako Mendizaleak eta Emaneurre taldeko herritarrek indarrak batu dituzte ekimen berri bati hasiera emateko: Mendi abentura astea. Mendizaleen mendi astea eta kulturzaleen abentura astea elkartu dituzte eta elkarlanean, jardueraz beteriko bost eguneko egitaraua osatu dute datorren asterako. Azaroaren 2an hasiko dituzte, eta azaroaren 6ra arte iraungo dute.
Besteen artean, Ordizia inguruko bazterrak eta zuloak, eta urrutiagotik ekarriko diren irudi eta kontakizunak izango dira ikusgai eta entzungai Barrena kultur etxean eskainiko diren jardueretan, arratsaldeko 19:00etan hasita.
Hona hemen egitaraua, egunez egun:
- Azaroak 2: GMB. Zazpi hiriburuetako zeharkaldia.
- Azaroak 3: Ordiziako Mendizaleak. Aralar pausoz pauso.
- Azaroak 4: Unai Cobos. Eskalada Pakistanen, Perun eta Kirgistanen.
- Azaroak 5: Josu Iztueta eta Ane Miralles. 3 pauso 3 norabide Eskandinabian.
- Azaroak 6: Ziztor Espeleologia Taldea. Aralar eta Urbasako kobak.
Antolatzaileek jardueretara bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei.













