Nico Alustizak eta Xabier Isasak Euskaltel-Euskadin jarraituko dute 2027an
Zumarragako eta Urretxuko txirrindulariek beste urtebeterako berritu dute kontratua.
Nico Alustiza zumarragarrak eta Xabier Isasa urretxuarrak Euskaltel-Euskadin jarraituko dute datorren denboraldian. Bi txirrindulariek beste urtebeterako berritu dute kontratua, 2027ra arte, “kirol garapena baieztatu ondoren, baita egutegiaren bukaeran talde laranjarekin duten erantzukizuna ere”.
Urrian, Isasa hiru kontinentetan aritu da: Cholet Agglo Tour, Vendeeko Tourra eta Binche-Chimay-Binche klasikoetan parte hartu du, Europan; Hong Kong Cyclothon proban, Asian, eta Panaman eman zion itxiera denboraldiari, Amerikan. Alustizak, bere aldetik, Aljeriako probak Venetoko klasikoekin lotu zituen.
Isasarentzat (Urretxu, 2001) seigarren denboraldia izango da Euskaltel-Euskadin. Txirrindulari ona batez ere ordekan, aurten bere lehendabiziko garaipena eskuratu du Portugalgo Itzulian. Alustizak (Zumarraga, 2003), berriz, laugarren urtea izango du taldean. Bi txirrindulariak harrobian hazi ziren, Euskadi Fundazioaren 23 urtez azpiko taldean, hain zuzen ere.
Jorge Azanzak, Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak, biekin oso gustura dagoela esan du. “Nicoren eta Isasaren jarraipena albiste bikaina da egiturarentzat. Etxeko bi txirrindulari dira, harrobikoak, taldearen balioak eta filosofia bikain irudikatzen dituztenak. Proiektuarekin duten ardura erabatekoa izan da denboraldi osoan, etengabeko hazkundea erakutsiz eta edozein motatako lasterketa eta eszenatokitan jarrera erakutsiz. Garenaren oinarria dira; urtez urte urratsak ematen jarraitzen duten etxeko txirrindulari gazteak”.
Euskaltel-Euskadi taldeak gaur iragarri du herriko bi txirrindularien kontratu luzatzea, albiste berean.














