San Jose egoitzako langileen murrizketek zerbitzuaren kalitatea okertu dutela salatu du ELAk
Egoitzetako ratioak leheneratu eta erabiltzaileen eskubideak errespetatzea eskatzeko, kalera aterako dira langileak datorren azaroaren 18an, arratsaldeko 18:00etan.
San Jose egoitzako langile baten kaleratzea salatu zutenekoa.Izaro Villarreal Ordiziako San Jose egoitzako langileak pasa den urtarrilaz geroztik greba mugagabean daude; lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren aldeko borrokan ari dira, baina egoerak ez du hobera egiten: kaleratzeak, murrizketak, lan-karga handiak… zerbitzuaren kalitatean emandako okertze nabarmenak salatu berri ditu ELA sindikatuak.
Jakina da Kabia foru organismo autonomoak egoitzaren kudeaketa Zaintzen enpresari esleitu ziola 2025ean; ordutik, enpresa kudeatzailea langileak murriztu nahian dabiltzala jakinarazi du sindikatuak hedabideetara bidalitako oharrean: “Pasa den urriaren 1ean enpresak uda aurretik egindako kaleratze eta murrizketez gain, berriro laguntzaileen lan orduak (ratioak) murriztu ditu eta honek langileen lan-kargak igo eta euren artean sortu duen estres eta antsietateaz gain, erabiltzaileei ematen zaien arreta kalitatea nabarmen okertzea ekarri du”.
Erabiltzaileak, gainera, zaurgarritasun egoeran daudela azpimarratu du; izan ere, eguneko ordu tarte batzuetan solairu batean egoiliarrak gainbegiratuko dituen laguntzailerik gabe gelditu dira. “Erorketak egon dira emandako murrizketengatik eta otorduak zein siesta orduak atzeratzea ekarri du. Mediku agindu batzuk ere ezin izan dira bete”, ohartarazi du ELAk.
Ratioak murrizteak ekarri dituen ondorioak ere gogorarazi ditu sindikatuak. Izan ere, maiatza aurretik, laguntzaileek 126 orduko arreta eskaintzen zieten egoitzan dauden 55 erabiltzaileei, baina urriaren 1ean inposatutako murrizketen ondorioz, 80 orduko bataz bestekoa eskaintzen ari dira urrian. Alegia, lehen baino sei laguntzaile gutxiago daude eguneko. Hala, lehengo ratio mailara bueltatzea eskatzeko, sindikatuak helegitea jarri du sozial epaitegian.
Egoera hori guztia salatzeko, gainera, sindikatuak salaketa jarri du Foru Aldundiaren gizarte politiketako ikuskaritzan, eta egoeran eskua hartu dezala eskatu dio Foru Aldundiari. Zentzu horretan, langileak egoitzetako ratioak leheneratu eta erabiltzaileen eskubideak errespetatzea eskatzeko kalera aterako dira datorren azaroaren 18an, arratsaldeko 18.00etan. Mobilizazioan parte hartzera deitu dituzte langile, senide zein bestelako eragile eta herritarrak.













