Ataungo 22. Argazki Rallyko sariak banatuta
63 parte-hartzaile izan dituen Argazki Rallya amaitu da. Hoerietatik 7 izan dira herriko partaideak, eta bat 16 urtez azpiko kategorian.
Argazki Rallyko sarituak eta antolatzaileak.Andoni Aizpurua Ataungo 22. Argazki Rallyaren sari banaketa izan da gaur Herri Antzokian. Argazkigintza oinarri duen ekintza hau Euskal Herriko 15 herrik osatzen duten liga bat da, Herriz Herri izena duena, eta Ataun horietako bat da. 63 parte-hartzaile izan dira eta bakoitzak 5 argazki aurkeztu behar zituen. Antolakuntzak argazkiak gai eta ezaugarri jakin batzuekin eskatzen zituzten: objektua uretan, eliza-ermita kanpotik, kantoiak, nahasketa eta kontraargia zirenak.
Argazki Rallyaren 22. edizioaren irabazle, beraz, Ruben Caceres irundarra izan da. Gorka Gomez legazpiarrak bigarren postua eskuratu du, eta hirugarren Patxi Irazabal Donostiakoa geratu da. Sarituak izan diren guztiek eraman dute oroigarri bana etxera. Horretaz gain, irabazleari 300 euroko saria eman zaio, bigarren egin duenari 150 euro, eta hirugarrenaren saria 90 euro izan da.
Saritu gehiago
Argazki lehiaketako lehen hiru sailkatuez gain beste saritu batzuk ere izan dira. 16 urtez azpikoen mailan Nahikari Barros zizurnagusitarra izan da partaide bakarra. Beraz, berak irabazi du saria: 20 euroko bono bat liburu-dendetan gastatzeko eta gazta zati bat.
Ekimenean parte hartu duten herritarren kategorian ere sarituak izan dira. Parte-hartzaile guztietatik 7 izan dira ataundarrak aurtengo edizioan. Lehen hiru sailkatuak Jone Galparsoro, Amaia Auzmendi eta Mariano Perez izan dira: Lehenengoak 90€ eraman ditu etxera, bigarrengoak bi txuleta eta hirugarrengoak hiru botila ardo.












