Elkarrekin urrutiago
Zumarragako EH Bilduren udalgintza lantaldeak, udalak hartutako azken neurrien inguruko irakurketa egin du.
Ez dira betiko garai onenak kantatzen zuen Hertzainak taldeak eta ez dirudi udaberri berririk datorrenik guretzat, mundu zabala nahiz Zumarraga bizileku dugun herritarrontzat. Lasaiguneak ditugu orain, baina gogorrena ez da igarotzen ari garen unea, zer etorriko den ez jakitearen ezinegona baizik, ziurgabetasuna eta zaurgarritasuna.
Zumarragako udalak ere hartu ditu bere neurriak eta Zumarragako Euskal Herria Bildu erabaki askoren partaide izan da eta udal-gobernuari gure babesa eskaini diogu une zail eta gogor hauetan, lankidetzan arituz eta leialtasunez jokatuz. Udal gobernuak ere lankidetzaren alde egin du eta etorkizunean ere, ekaitzaren ondorengo barealdian, bide honetan sakontzea nahiko genuke. Zaurgarrienenen alde dauden neurriak proposatu genituen hasieratik, dolua egiteko baliabideak jartzea, larunbateko merkatua martxan jartzea, kultur sortzaileak laguntzea, migranteak babestea, estrategia ekonomiko adostu bat eraikitzea eta kontrolean indarra jarri beharrean, herritarren erantzukizunean jartzea azpimarra.
Etorriko den mundua beste bat izango da, etorriko den herria ere bai. Lankidetza publiko-komunitarioa ezinbestekoa izango da, gobernantza-eredu erresilienteagoak eta alderdien artean lankidetza estrategikoa. Zumarragak zituen erronka sozial, klimatiko, ekonomiko eta demografikoek garrantzi handiagoa hartzen duten oraindik orain, udalaren egoera ekonomikoa ere gehiago okertuko da eta behar sozialak ere areagotu egingo dira
Beraz, eskatuko ditu gizarte-zerbitzu publikoak indartzea eta egokitzea, krisian lehen lerroan egon diren langileen baldintzak duintzea, komunitate-sare indartsuak eratzea, inbertsio-politikari norabide berria ematea, talka-plan ekonomiko indartsu bat garatzea mankomunitateko herriekin elkarlanean eta udalak epe luzeko estrategia ekonomiko-finantziero berritu bat izatea. Eta hori guztia lankidetzaren bidez burutu behar dugu.
Aurtengo urterako martxan genuen kudeaketa-plana egokitu egingo du Zumararrgako EH Bilduk, izan ere, ireki zaigun agertokia erabat desberdina da eta herritarren beharrak ere bai. Jarraituko dugu, hori bai, orain arte praktikara eraman dugun lan egiteko moduarekin eta herritar nahiz auzoekin elkartuz, beharrak entzunez eta erantzukizunez jokatuz.
Mundu berri bat daramagu bihotzean Hertzainaken diska baten izena da, beraz, eraiki ditzagun gure herritik eta auzotik hasita bizitza bizigarriagoak, sortzaileagoak, askeagoak eta berdinzaleagoak izateko baldintzak.
Gora Zumarraga eta gora zumarragarrak !