Joseba Segurola preso politiko urretxuarrak gose greba utzi du
Gaur goizean jakitera eman dutenez, Murtziako espetxean dauden euskal preso politikoek, tartean Joseba Segurola urretxuarrak, bertan behera utzi dute pasa den urriaren 25ean hasi zuten gose greba. Urretxu-Zumarragako Amnistiaren Aldeko Mugimendutik azaldu dutenez, gaur goizean presoek espetxeko zuzendaritzarekin egindako bilera baten atzetik hartu dute erabakia. Moduloetan binaka jarri ditu espetxeko zuzendaritzak eta jarrera aldaketa hau ikusirik, presoek protesta bertan behera uzteko erabakia hartu dute. Bi aste hauetan 8 kilo inguru galdu ditu Segurolak. Hala ere, gertukoek azaldu dutenez, «argal» egon arren «oso alai eta indartsu» aurkitzen da urretxuarra.
Ostiraletako mobilizazioak
Urretxu-Zumarragako amnistiaren aldeko mugimenduak salatu duenez, «tristea da presoek gutxieneko giza eskubide batzuk eskuratzeko duten baliabide bakarra, hau da, muturreko ekintza, erabili behar izatea». Hala, ostiraletako elkarretaratzeekin jarraituko dutela iragarri dute, «ea guztion artean presoen giza eskubideak bete daitezen eta giza eskubide guztiekin Euskal Herrira etor daitezen lortzen dugun».
Higiene falta
Murtziako espetxean dauden euskal preso politikoek pasa den urriaren 25ean hasi zuten gose greba, moduloetan bizi zuten bakartze egoera eta espetxeak pairatzen zuen arratoien izurritea salatu asmoz. Egun 6 euskal preso aurkitzen dira espetxe honetan.