Zabalik da solairuarteetako eta merkataritza lokaletako etxebizitzak eskatzeko aukera Urretxun
Urretxuko Udalak gogoratu duenez, irekita dago solairuarteetan eta merkataritza lokaletan etxebizitza bat eskuratzeko izena emateko epea. 2008ko urriaren 27an egin zuen udalbatzak hori ahalbidetzeko araudi aldaketa, eta 4 etxebizitza izango dira zozketan aterako dituztenak.
Etxebizitza hauek atontzen ari dira egun, eta litekeena da bat laster ateratzea zozketara. Hori horrela, udaleko gizarte sailetik zozketarako zerrendan izena emateko epea irekita dagoela gogorarazi diete herritarrei.
Etxebizitzak 40 metro koadro ingurukoak izango dira eta San Martin auzoan eta Nekolalde eta Labeaga kaleetan daude. Gehienezko salmenta prezioa, Urretxun babes ofizialeko etxebizitzetarako finkatuta dagoen prezioa bider 1,7 izan ahalko da gehienez.
Oraingoz ez du jende askok eman hauetako etxebizitza bat eskuratzeko izena eta Udaletik, Etxebiden etxebizitza tasatua eskatu duten pertsonak zozketan sartzea ere aztertzen ari dira. Hauetakoren batek solairuarteetan edo merkataritza lokaletan kokatutako etxebizitza bati uko eginez gero, ez du penalizaziorik jasoko Etxebideko zerrendan.