Martxoa bertso doinuz jantziko da Goierri Garaian
Urretxuko eta Zumarragako Bertso Eskolak Martxoan Bertsoa egitasmoa antolatu du. Datorren larunbatean abian jarriko dute Legazpiko Arrano tabernan egingo duten kanporaketarekin. Bertso txapelketa herrikoiaz gain, ekintza eta jarduera ugari antolatu dituzte.
“Ohi bezala, sorpresaz beteriko egitarau betea izango du aurten ere Martxoan Bertsoak. Herriko taldekako bertsolari txapelketa da, agian, ekitaldi ezagunena eta jendetsuena” dio Gorka Azkarate Bertso Eskolako kideak. Aurten ere, bost kanporaketa jokatuko dira, eta kantatuko duten talde guztien artean sailkatutako hiru taldek kantatuko dute martxoaren 25ean Urretxuko Gaztelekun jokatuko den finalean.
Larunbat honetan, hiru taldek neurtuko dituzte indarrak Legazpiko Arranon: bertako bi taldek, eta Gasteizko Potatok. Legazpiko taldeak OK (Eneko Iriondo, Iker Azpeitia, Ibon Sotil) eta ETAMOK (Asier Iriondo, Julen Agirreburualde, Igor Iñurritegi) izango dira, eta Gasteizko POTATO ordezkatuz, Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez Durana eta Serapio Lopez bertsolariek kantatuko dute. “Saio bizia izango dela, ez dago zalantzarik” gehitu du Azkaratek.
Egitarau oparoa
Herriko bertsolari txapelketaz gain, hainbat ekitaldi izango dira aurtengo Martxoan Bertsoa zikloan. Ohiko bertso musikatuen emanaldia, Urretxuko Gaztelekuan egingo dutena. Bertso afariari dagokionez, aurtengo berritasunak lekua eta afariaren formatua izango dira: Urretxuko Florida tabernan izango da afaria, pikoteo estiloan, eta kantuan, Hamaika Bertute taldeko Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Jokin Labayen eta Beñat Iguaran arituko dira, Egoitz Aizpuru gaijartzailearen agindutara; gainera, zenbait musikarik parte hartuko baitute.
Martxoan Bertsoan egin ohi den klase irekiari dagokionez, gorputz espresioa, mugimendua eta antzerkia landuko dira, Oihulari Klown taldeko Virginia Imazen eskutik. Zelai Arizti kultur etxean izango da aipatu tailerra, martxoaren 19an, arratsaldeko 5etan. Bestalde, aurrerago azalduko dugun moduan, gazteentzako hainbat ekitaldi ere izango dira, hala nola, eskolarteko bertsopaper lehiaketa, umeentzako bertso antzerkia eta gazteentzako bat-bateko bertso saioa Gazte Bidean gazte lokal berrian.
Egitarau osoa
KANPORAKETAK
Bederatzigarren urtez,
- Datorren larunbata, hilak 26. Arrano taberna (Legazpi), 23:00etan
- Martxoak 4, ostirala. Motz taberna (Urretxu), 23:00etan
- Martxoak 11, ostirala. Aldiri taberna (Urretxu), 23:00etan
- Martxoak 12, larunbata. Igartubeiti baserria (Ezkio-Itsaso), 19:00etan. Ondoren, mokadu goxoa banatuko da eta bertako kupeletatik sagardoa edateko aukera egongo da, guztia trikitilariek giroturik. * Joan-etorriko doako autobus zerbitzua izango da, 18:30ean Zumarragako parrokiatik abiatuko dena. Itzulera, saioa eta barrikote-festa amaitu ostean.
- Martxoak 18, ostirala. Fox taberna (Urretxu), 23:00etan
- Martxoak 25, ostirala. FINALA Gaztelekuan (Urretxu), 23:00
- Martxoak 19, larunbata. Gorputz espresio, mugimendua eta antzerkia lantzeko tailerra. Zelai Arizti kultur etxean, 17:00etan. Gidaria: Virginia Imaz, Oihulari Klown.
- Martxoak 19, larunbata. Bertso afari musikatua, Urretxuko Florida tabernan, 21:00etan.
- Martxoak 27, igandea. Haurrentzako bertso-antzerkia Labeaga aretoan, Urretxun, 17:00etan.
- Apirilak 2, larunbata. Bertso musikatuak Urretxuko Gaztelekuan, 23:00etan.
- Apirilak 8, ostirala. Zumarraga-Urretxuko Eskolarteko 24. Bertso paper lehiaketako sari banaketa, Zelai Arizti aretoan, 15:00etan.
- Apirilak 9, larunbata. Gazte Bidean lokalean (Urretxu) Zumarraga-Urretxuko bertso eskolako gazteen bat-bateko saioa, 18:00etan