Jose Luis Cantero (PSE-EE), Itziar Agirre (EAJ) eta Jose Angel Lizarraga (H1!)
Urretxuko PSE-EEk, EAJk eta Hamaikabatek Urretxuko Arau Subsidiarioen aldaketen dokumentuari alegazio bateratu bat aurkezteko akordioa sinatu dute. Hala jakinarazi zuten atzo igorritako ohar batean.
Alegazioa otsailaren 21ean aurkeztu zuten. Urretxuko udalean zinegotzi diren Jose Luis Cantero, Itziar Agirre eta Jose Angel Lizarraga joan ziren horretara. Hiru zinegotziek ordezkatzen dituzten alderdien arabera, aurkeztutako alegazioak arauetan «sartu beharreko oinarriak» dira. «Irimo aktibitate ekonomikorako mantentzea, Lizeoa bere erabilera publikoan mantentzea eta Iparragirre-Labeaga-Ipiñarrieta ardatzaren osagarri izango den konponbidea adostea dira akordioaren muina» azaldu dute. Akordio honekin «Urretxuko garapenaren oinarriak» ezartzen direla azaldu dute, «enpleguaren benetazko sorkuntza eta herriaren garapen iraunkorra bultzatuko dutenak». Hori «alkatetzak egindako proposamenarekin alderatuta» argitu dute.
Akordioaren testua
Hiru alderdi hauetako ordezkariek sinatutako hitzarmenak «oinarrizko gutxieneko akordio» bat izan nahi du, «prozesuari irtenbide bat eman nahi» diona, «ahal den eperik laburrenean Urretxuk aurrera egin dezan eta garatu dadin». Testuak «Irimoko guneak industrial moduan jarraitu behar» duela ere dio. «Beste erakunde publikoen laguntzaz enplegua sustatuko duen gune berritu bat sortzea izan behar da helburua». Era berean, gune honek «herriko beste edozein aktibitate ekonomikorekin bateragarria» izan behar dela ere badiote.
Lizeoko guneari dagokionez, eraikinak izaera publikoa mantendu «behar» duela nabarmentzen du akordioak, «lurpeko parkin baten aukera aztertuz». Eraikinaren ingurua «parke, kirol gune eta jolas gune bezala» mantentzea ere proposatzen du akordioak. Hirugarren puntuak Iparragirre, Labeaga eta Ipiñarrieta kaleek osatzen duten ardatzerako «osagarrizko irtenbide bat aztertzea eta erabakitzea» ere jasotzen du.
Akordio honez gain, «alderdi bakoitzak bere alegazio propioak eta osagarriak aurkeztu ditzakela» ere jaso dute testuan.
Lotutako albiste zaharragoak:
Foru Aldundiak Urretxuko Udalak egindako eskaera onartu du
Arau subsidiarioen zuzenketek eztabaida berpiztu dute Urretxun