Akaitz Txikiko kobara irteera gidatua egingo dute igandean Ataunen
Lizarrustiko Parketxeak irailerako antolatua daukan aisialdi eskaintzaren barruan, igandean Akaitz Txiki II leizezulora irteera gidatua izango da. Hileko bigarren jarduera da, aurreko astebukaeran Pagabeko indusketa gunera burutu zutenaren ondotik. Iga...
Lizarrustiko Parketxeak irailerako antolatua daukan aisialdi eskaintzaren barruan, igandean Akaitz Txiki II leizezulora irteera gidatua izango da. Hileko bigarren jarduera da, aurreko astebukaeran Pagabeko indusketa gunera burutu zutenaren ondotik.
Igandeko txangoa, ohi bezala, oinez egingo dute izena ematen dutenek, Lizarrustiko parketxetik abiatu eta hara itzultzeko. Lau ordu eta erdiko buelta izango da, Aralarko parke naturalean. Lizarrustitik Akaitz Txikira ordu eta laurdeneko bidea dago, altuan 110 metro irabaziz. Ibilaldia erraz egiteko modukoa da. Ibiltari bakoitzak aldatzeko arropa, oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramateko eskatu dute. Koba barrurako baita linterna bana ere
Etzidamu 09:00etan abiatuko dira. Aurrez izena eman beharra dago, telefonoz hots eginda (943 58 20 69, 699 67 25 75), edo Internetez (info@lizarrusti.com). Pertsonako 9 euro ordaindu behar da. Bikoteentzat eta familientzat «prezio berezia» egiten dute.
Idiazabali buruz erakusketa
Lizarrustiko Parketxeak hilero antolatu ohi ditu ekimenak, asteburuetarako. Akaitz Txikikoa finkoa da azken aldiko programetan, jendearengan «erakarpen handia» sortzen duelako, Jon Etxeberriaren hitzetan. Hilaren 19rako eta 26rako mendi ibilaldi bana iragarri dituzte.
Bestetik, parketxean erakusketa berria jarri dute: Idiazabalgo historiaurreko populazioa. Asteartetik igandera egunero ikus daiteke, doan, 10:00etatik 20:00etara.