Itsasondoko Urkia auzoan iraileko Santikutz jaiak dituzte, hiru egunerako
Itsasondoko mendialdean kokatuta dagoen Urkia auzoan urteko bigarren festa aldia prest dute. Maiatzean eta irailean ospatu ohi dituzte Santikutza jaiak. Agorreko eguna datorren asteazkenean bada ere, asteburura aurreratu dituzte ekitaldi gehienak. Zain...
Itsasondoko mendialdean kokatuta dagoen Urkia auzoan urteko bigarren festa aldia prest dute. Maiatzean eta irailean ospatu ohi dituzte Santikutza jaiak. Agorreko eguna datorren asteazkenean bada ere, asteburura aurreratu dituzte ekitaldi gehienak. Zaindariaren data ere gogoratuko dute, ahatik.
Etzi, larunbata, iluntze partean jarriko dute festa. 20:00etan suziriak bota, eta gero afaria izango da, auzoko elkartean. Laja eta Mikel trikitilariak jardungo dira soinu jotzen.
Igandean egun osorako egitaraua ondu dute. 10:00etan meza, 11:00etan hamaiketakoa, 14:30ean bazkaria, eta 18:30ean herri kirolak jarri dituzte. Arrospide eta Ugarteburu aizkolariek, eta Goenatxo aita-seme harrijasotzaileek egingo dute kirol erakustaldia. Bai eguerdian, bai iluntzean, Izer eta Lutxurdioren trikitia izango da alaigarri.
Asteazkenean jarraipena
Bi egunotako jardunaren ondoren, asteazkenean, Gurutze Deunaren egunean, bukatuko da egitaraua. 11:00etan meza, ondoren hamaiketakoa, Elortza eta Larrañaga trikitilariak, 14:30ean bazkaria, eta 19:00etan soinujoleekin erromeria egingo dute.
Hiru festa egunetako otorduetara joan nahi duenari aurrez hots egiteko (943 88 84 18) eskatu diote Urkiko Jai Batzordekoek. Ohitura den bezala, antxumea zozketatzeko errifa-txartelak atera dituzte aurten ere. Saritua asteazkenean 20:00etan irtengo da.