Zortzi antzezlan ikusi ahalko dira aurten Antzerki Garaiaren barruan, Beasainen eta Ordizian
Beasaingo eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek elkarlanean antolatzen dute urtero Antzerki Garaia ekimena. Aurten hilaren 13an hasiko da, Txalo produkzioak taldearen Crimen perfecto antzezlanarekin. Apirilaren 20an izango da azken emanaldia: Zanguango Teatro taldearen Aqui va a pasar algo antzezlana. Datorren astetik apirilera arte, guztira, zortzi antzezlan ikusi ahalko dira Beasainen eta Ordizian, lau herri bakoitzean. Unai Baztarrikak eta Belen Maizak, Beasaingo eta Ordiziakokultura zinegotziek egin dute Antzerki Garaiaren aurkezpena, beste behin ere, elkarlanaren oinarria eta helburua bi herrietan eta eskualdean antzerkigintza bultzatzea dela azpimarratuz. Hala, aurten ere, helburua «antzerki errepresentazioetara joateko ohitura galdu duen publikoa berreskuratzea» eta antzokietara «publiko berria erakartzea» izango da. Azken helburu hori batez ere gazteei zuzenduta egongo dela ere jakinarazi dute, «batik bat gazteak» erakarri nahi baitituzte antzokietara. Antzerki Garaia 1995ean antolatu zuten lehen aldiz, eta beraz, aurten, «Goierriko antzerki denboralditxoaren 17. ekitaldia» izango dela esan dute bi zinegotziek. Ordutik gaurdaino gero eta jende gehiago animatu da urterik urte emanaldiak ikustera, eta iazko denboraldia oso ona izan zela esan dute. Iaz ekimenak izan zuen arrakasta kontuan hartuta eta Antzerki Garaiaren inguruan egin duten «balorazio positiboa» kontuan hartuta erabaki dute beste urte batez bi udalen arteko lankidetzarekin jarraitzea. Lan horrekin jarraitzeko, baina, «borondateak batzea eta ahaleginak koordinatzea [...]
Beasaingo eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek elkarlanean antolatzen dute urtero Antzerki Garaia ekimena. Aurten hilaren 13an hasiko da, Txalo produkzioak taldearen Crimen perfecto antzezlanarekin. Apirilaren 20an izango da azken emanaldia: Zanguango Teatro taldearen Aqui va a pasar algo antzezlana. Datorren astetik apirilera arte, guztira, zortzi antzezlan ikusi ahalko dira Beasainen eta Ordizian, lau herri bakoitzean.
Unai Baztarrikak eta Belen Maizak, Beasaingo eta Ordiziakokultura zinegotziek egin dute Antzerki Garaiaren aurkezpena, beste behin ere, elkarlanaren oinarria eta helburua bi herrietan eta eskualdean antzerkigintza bultzatzea dela azpimarratuz. Hala, aurten ere, helburua «antzerki errepresentazioetara joateko ohitura galdu duen publikoa berreskuratzea» eta antzokietara «publiko berria erakartzea» izango da. Azken helburu hori batez ere gazteei zuzenduta egongo dela ere jakinarazi dute, «batik bat gazteak» erakarri nahi baitituzte antzokietara.
Antzerki Garaia 1995ean antolatu zuten lehen aldiz, eta beraz, aurten, «Goierriko antzerki denboralditxoaren 17. ekitaldia» izango dela esan dute bi zinegotziek. Ordutik gaurdaino gero eta jende gehiago animatu da urterik urte emanaldiak ikustera, eta iazko denboraldia oso ona izan zela esan dute. Iaz ekimenak izan zuen arrakasta kontuan hartuta eta Antzerki Garaiaren inguruan egin duten «balorazio positiboa» kontuan hartuta erabaki dute beste urte batez bi udalen arteko lankidetzarekin jarraitzea.
Lan horrekin jarraitzeko, baina, «borondateak batzea eta ahaleginak koordinatzea ezinbestekoa» izan dela azpimarratu dute Baztarrikak eta Maizak. Hala, aurtengorako prestatu duten egitaraua «lan horren ondorio» dela gaineratu dute.
Beasainen eta Ordizian ikusi ahalko diren antzezlanetan Espainian ezagunak diren hainbat aktore ikusteko aukera egongo da, eta baita Euskal Herriko zein Goierriko aktoreak ere. Antzerki Garaian izango dira aurten, besteak beste, Aitziber Garmendia zaldibiarra, Sara Cozar ordiziarra eta Joseba Apaolaza urretxuarra.
Bi herrietan ikusi ahalko diren antzezlanak aukeratzerakoan aktoreak oso kontuan izaten dituzte Beasaingo eta Ordiziako kultura teknikariek. Baina horrez gain, obraren eta lan taldearen kalitatea oinarrizko irizpidea izaten da. «Muntaia, lengoiari emandako trataera, hizkuntza, konpainiaren eskarmentua eta profesionaltasuna eta obrak orain arte izan duen arrakasta» ere kontuan izaten dituzte. Izan ere, Maiazaren esanetan, «egitaraua arrakastatsua gertatzeko, gorabehera horiek guztiak hartu behar dira kontuan».
Denboraldirako abonua
Beasainen eta Ordizian izango diren emanaldi guztiak ostiraletan izango dira, Beasainen Usurbe antzokian eta Ordizian Herri Antzokian. Antzezlan guztiak 22:15ean hasiko dira, hilaren 13koa izan ezik, Crimen perfecto antzezlanaren bi emanaldi eskainiko baitituzte Beasainen: lehena 19:30ean, eta bigarrena, 22:30ean.
Antzezlan guztietarako sarrerek 10 euro balioko dute, baina Crimen perfecto ikusteko 12 euro ordaindu beharko da. Sarrerak emanaldia egin behar den antzokiaren leihatilan lortu ahal izango dira –Beasaingo emanaldietarako sarrerak Usurbe antzokian, eta Ordiziakoak Herri Antzokiko leihatilan–. Beasainen Serbikutxa zerbitzuaren bidez ere erosi ahalko dira sarrerak.
Emanaldiz emanaldi sarrera erosi nahi ez duenak, denboraldi osorako abonua erosteko aukera ere izango du, 60 euroan. Abonua erosita, Antzerki Garaiko emanaldi guztietara joateko aukera egongo da, bai Beasainen eta baita Ordizian ere. Gainera, Baztarrikak eta Maizak esan dutenez, abonua dutenek, «bi herrietan etorkizunean izango diren antzerki programazioaren inguruko informazioa jasoko dute». Abonuak Beasaingo Usurbe antzokiko leihatilan eta udaletxeko Kultura Sailean edo Ordiziako Barrena Kultur Etxean eskuratu daitezke.
Azken urteetan egin duten moduan, taldeentzako sarrera bereziak ere prestatu dituzte aurten bi udaleko kultura arduradunek. Hala, «hamar sarrera baino gehiago eskuratu nahi dituzten kultura talde, ikastetxe edo gisakoek, zortzi euro ordaindu beharko dute sarrerako». Taldekako sarrerak lortzeko bi udaletako kultura sailetan eskatu behar dira.














