Neguan mendian seguru ibiltzeko ikastaroa antolatu du Arrastakak
Iaz Arrastakak antolatutako ikastaroko irudi bat Oporren ondoren 2012ko ekintzei hasiera emateko prest daude Arrastaka Mendi Taldeko kideak. Hala, urteko lehen ekintza gisa, neguan mendian seguru ibiltzeko ikastaroa antolatu dute. Lau egunetako ikas...
Oporren ondoren 2012ko ekintzei hasiera emateko prest daude Arrastaka Mendi Taldeko kideak. Hala, urteko lehen ekintza gisa, neguan mendian seguru ibiltzeko ikastaroa antolatu dute. Lau egunetako ikastaroa izango da: urtarrilaren 11n eta 12an argibide teorikoak emango dituzte, eta urtarrilaren 14an eta 15ean Pirinioetara joango dira praktikak egitera.
Hilaren 11an eta 12an neguan mendian erabiltzen den materialaren inguruko informazioa emango dute: kranpoiak, pioletak, botak, arnesak, mosketoiak, sokaka… nola erabili, korapilo mota ezberdinak egiten ikasi eta segurtasuna zaintzeko oinarrizko zein neurri hartu ikasi ahalko da.
Hurrengo bi egunetan, berriz, pioleten eta kranpoien erabilera praktikoa landuko dute, malda elurtuetan eroriz gero nola gelditu ere ikasiko dute irteeran parte hartzen dutenek, eta anklajeak egiten eta elurretan eta izotzetan nola aseguratu. Ikastaroaren zati praktikoa egiteko Ezkaurrera irteera egingo dute.
Arrastakatik jakinarazi dutenez, “jardunaldi honen helburua neguan mota honetako ekintzak egiten dituztenei beharrezkoak diren segurtasun neurriak erakustea da”. Ikastaroa Arrastakako kideei zein gainerako mendizaleei irekita egongo da. Bertan parte hartzeko, beharrezkoa izango da urtarrilaren 10ean, datorren asteartean, 19:30ean, Ehunmiliak-Arrastakaren bulegoan egingo duten bilerera joatea, eta mendiko federatu txartela izatea.
Jardunaldiari buruzko informazio gehiago www.arrastaka.net helbidean edo 646 85 56 20 telefonoan eskura daiteke.