Zaldibiako Udalak 1,54 milioi izango ditu aurten, iaztik %9 gutxituta
Krisiagatik «garai zailak» direla aintzat hartuta, Zaldibiako Udalak gastu sozialari eta udal langileen lan-taldeari eusteko oinarritutako udal aurrekontua izango du hasi berri den 2012. urte honetan. Guztira 1.541.704,47 euro izango ditu, iaz baino 154.170 gutxiago (%9,09 behera). Langileen erosteko gaitasunari eta bizi mailari eutsi nahia azaldu du udalak. Kontzeptualki aldaketa nabarmenena gizarte ongizate sailean izango dela aurreratu zuen udalak, atzo. Larrialdietarako laguntza laukoiztu egin du, eta diru-sail berria sortu du eginkizunerako, 4.053 euro bideratuta. Inbertsioetarako denera 83.432 euro izendatu dira. Hasita edo iazko ekitaldian finkatuta geratu ziren proiektuak burutzeaz gain (ikus eskuineko zerrenda), lau lehentasun markatu ditu udalak egiteko berrien arloan. Egitasmo nagusia Beti Gazte jubilatu elkartea berritzea izango da, 66.432 eurorekin. Lur salerosketaren arabera 26.000 euroan geratuko litzaioke udalari inbertsio horretako kostua. Astelehenean hasi ziren lanak, otsailaren erdi alderako bukatzekotan. Bestetik, Aniztasun eta Migrazio Planari ekin nahi dio udalak urtean zehar. Atzerriko jatorria duten zaldibiarrekiko «zubiak» eraikitzea da helburua. 2012an diagnostikoa garatuko dute. Hilerriarekin lotutako lur salerosketa da hirugarren egitasmo bat. 2009an udalak hilerria lekuz aldatzeko erositako lur saila saldu egin nahi du orain —37.620 euroko sarrera aurreikusten du—, eta gaur egungo kanposantuaren aurreko eremu bat erosi, «horrela hilerria behin betiko kokatzeko». Eragiketarako 11.000 euro zehaztu ditu aurrekontuan. Azkenik, [...]
Krisiagatik «garai zailak» direla aintzat hartuta, Zaldibiako Udalak gastu sozialari eta udal langileen lan-taldeari eusteko oinarritutako udal aurrekontua izango du hasi berri den 2012. urte honetan. Guztira 1.541.704,47 euro izango ditu, iaz baino 154.170 gutxiago (%9,09 behera). Langileen erosteko gaitasunari eta bizi mailari eutsi nahia azaldu du udalak.
Kontzeptualki aldaketa nabarmenena gizarte ongizate sailean izango dela aurreratu zuen udalak, atzo. Larrialdietarako laguntza laukoiztu egin du, eta diru-sail berria sortu du eginkizunerako, 4.053 euro bideratuta.
Inbertsioetarako denera 83.432 euro izendatu dira. Hasita edo iazko ekitaldian finkatuta geratu ziren proiektuak burutzeaz gain (ikus eskuineko zerrenda), lau lehentasun markatu ditu udalak egiteko berrien arloan.
Egitasmo nagusia Beti Gazte jubilatu elkartea berritzea izango da, 66.432 eurorekin. Lur salerosketaren arabera 26.000 euroan geratuko litzaioke udalari inbertsio horretako kostua. Astelehenean hasi ziren lanak, otsailaren erdi alderako bukatzekotan.
Bestetik, Aniztasun eta Migrazio Planari ekin nahi dio udalak urtean zehar. Atzerriko jatorria duten zaldibiarrekiko «zubiak» eraikitzea da helburua. 2012an diagnostikoa garatuko dute.
Hilerriarekin lotutako lur salerosketa da hirugarren egitasmo bat. 2009an udalak hilerria lekuz aldatzeko erositako lur saila saldu egin nahi du orain —37.620 euroko sarrera aurreikusten du—, eta gaur egungo kanposantuaren aurreko eremu bat erosi, «horrela hilerria behin betiko kokatzeko». Eragiketarako 11.000 euro zehaztu ditu aurrekontuan.
Azkenik, argiteria publikoa berritzeko 6.000 euro bereizi ditu. Energiaren Euskal Erakundeak (EEE-EVE) lanen erdia finantzatuko luke.
Langileen baldintzak
Krisi garaiak beste zenbait asmo geraraziko edo atzeratuko ditu. Horien artean, eskolako aldagela eta komunak berritzeko proiektua, jaurlaritzaren 2011ko Erein programara aurkeztua eta Hezkuntza Sailean laguntzak aurkezteko zain dena. Lanpostuen baloraziorako azterketa egiteko enpresa izendatzea ere aurtengo aurrekontutik kanpora gelditu da; seinalizazioarena 2013ra atzeratuko da; eta argiteriaren zati bat iazko diruetatik berrituko da, eta bestea 2013rako utzi.
Aurrekontuaren hamarretik lau (kopuru osotik %42) pertsonal gastuen atalak hartuko du, 658.297,16 euro. «Horietatik 13.000 euro aurtengo igoera eta hainbat langileren antzinatasuna aitortzeko erabiliko ditugu. Behin-behineko langileak ere beste urtebete jarraituko du lanean», azaldu du udalak.
Udal plantillaren baldintzak hobetzeko ahaleginean, administrazio publikoko langileei soldata KPIren %3 inguru igotzea proposatu diete. «Hala ere, igoera modu linealean egitea adostu da Zaldibiako Udaleko langileekin. 45.000 euro baino gehiagoko irabaziak dituztenei soldata izoztea ere erabaki da», zehaztu du udalak.
Etxez etxeko zerbitzuan behin-behineko kontratuekin lanean ari direnen eta hiru urte lan egin duten behin-behineko langile guztien lan-antzinatasuna aitortzea ere erabaki dute.
Etziko manifestazioarekin bat
Bestetik, udalbatzak abenduaren 12ko osoko bilkuran erabaki zuen euskal preso politikoen eskubideen alde larunbatean Bilbon egingo den manifestazio-deialdiarekin bat egitea. Bilduko zazpi zinegotziek alde bozkatu zuten, Zaldibia Herrigintzan taldeko bi kideek aurka.
Zaldibiatik lau autobus joango dira, oraingoz, Bilboko manifestaziora, etzi. Hiru osatu dira, eta laugarrena betetzeko bidean doa, 20 jarleku falta. Udalak autobus bat jartzea erabaki zuen.
AURREKONTUAK 2012
Sarrerak
- Zuzeneko zergak. 259.000 €
- Zeharkako zergak. 100.000
- Tasak eta beste. 221.630
- Transf. arruntak. 912.976,47
- Ondare sarrerak. 900
- Inbertsioak besterentzeagatik. 37.620
- Kapital transf. 9.078
GUZTIRA. 1.541.704,47 €
Gastuak
- Pertsonala. 658.297,16 €
- Ondasun arruntak eta zerbitzuak. 439.127,21
- Finantza gastuak. 2.500
- Transf. arruntak. 235.531,22
- Inbertsioak. 83.432,87
- Kapital transf. 0
- Finantza pasiboak. 122.816
GUZTIRA. 1.541.704,47 €
EGITASMOAK
Aurretik datozenak; 2011ko aurrekontuetan eta iaz zehaztutako egitasmoak, «loturik edo abian» direnak.
- Berdintasun plana. Lehen diagnostikoa martxan da.
- Komunikazioa. zaldibia.org atarian herriko eragile guztiek antolatutako informazio guztia bateratu. Urtarrilean.
- Haur eskola. Estalpea eraikiko da kanpoaldean.
- Zerbitzuen azterketa. Udal zerbitzuak aztertu eta hobetzeko plangintza. Egiten.
- Kirol pista. Eskola ondoko futbol zelaia berritu eta abenduan ireki zuten. Zorua aldatu eta ekipamendua jarri da. Argiteria soilik falta da.
- Ariketa tresnak. Soinketa egiteko makinak, parke botanikoan. Urtarrilean.
- Haur parkea. Haur jolasleku handia jarri, parke botaniko alboan. Aztertzen.
- Argiteria. Parke botanikoan eta eskola inguruan aldatu.