Legazpiko denda txikiekin egindako ikerketaren emaitzak asteartean ezagutaraziko dituzte
Azken hilabeteetan denda txikien inguruan egin duten ikerketaren emaitza asteartean ezagutaraziko dute Legazpin. Legazpi Bai! elkarteak Cornellako (Katalunia) Citilab garapen gunearen eta Deustuko unibertsitateko kideen laguntzaz egin du ikerketa. Ili...
Azken hilabeteetan denda txikien inguruan egin duten ikerketaren emaitza asteartean ezagutaraziko dute Legazpin.
Legazpi Bai! elkarteak Cornellako (Katalunia) Citilab garapen gunearen eta Deustuko unibertsitateko kideen laguntzaz egin du ikerketa. Ilinti merkatari elkartearen kolaborazioa ere izan dute lan horretan. Legazpiko denda txikiek azken bi hamarkadetan izan duten bilakaera, denda hauek komertzioa mantentzeko eta dinamizatzeko duten gaitasuna, merkataritzak dituen gabeziak, eta legazpiarren erosketa ohiturak aztertu dituzte bertan. Ilintiko hamar dendarik hartu dute prozesuan parte, eta ikerketa urritik abendura bitartean luzatu da.
Ikerketa Legazpiko komertzio txikien eta herritarren arteko elkarrizketa eta ulermena bultzatzeko ekimenaren barruan garatu dute, eta orain, emaitzak herritarrei eta bereziki merkatariei ezagutarazi nahi dizkiete. Egitasmoaren azken helburua, herriko denda txikiak bezeroen erosketa ohituretara eta beharretara egokitzea da, eta aldi berean, komertzio hauek bertako kontsumitzaileentzako erakargarriagoak bihurtzea.
Asteartean, ikerketaren emaitzak aurkeztearekin batera, arlo horietan hobekuntzak egiteko proposamenak egingo dizkiete merkatariei, eta aurrera begirako lan lerroak definitzen ere saiatuko dira.
Emaitzen aurkezpena Legazpiko Bikuña jauregian egingo dute, 14:30ean.













