Trukea bai, elkarlana ere bai
Hezkuntzaren arloan gero eta ohikoagoa da beste herrialde batzuetako esperientzietatik ikasi eta ikasleen artean trukeak egitea, lankidetza horrekin bestelako erreferentzia batzuk hartu eta haien burua aberastea lortzen baitute ikasleek. Ordiziako Oianguren institutuko ikasle eta irakasleak Europa mailako Comenius proiektuan murgilduta dabiltza iaztik, eta aste honetan Alemaniako eta Galesko ikasle eta irakasle talde bana hartu dituzte. Astelehenean eta asteartean ikastetxean aritu dira lanean, eta atzoz geroztik, astialdirako tartea hartzen ari dira. Atzo, esate baterako, Ordiziako D’elikatuz zentroa, azoka eta Zeraingo museoa bisitatu zituzten. Oianguren institutuko bi irakasle Alemaniako Worbis herriko Marie Curie ikastetxean izan ziren uda bukaeran, lankidetza proiektu honen lehen harria jartzeko, eta orain hango zazpi ikasle eta hiru irakasle, eta Galesko Llandudno hiriko Ysgol John Bright School ikastetxeko zortzi ikasle eta bi irakasle dituzte bisitan. Bi urtean egin beharreko proiektua dute esku artean, eta tarte horretan, hiru ikastetxeetako ikasleek tokiko identitatea aurkeztu (ezaugarriak, hizkuntza, ohiturak…) eta hainbat lan egingo dituzte IKTak erabiliz. Ingelesa da lanerako hizkuntza. «Gure kultura ezagutarazteko aukera izango dugu hala, eta baita besteena ezagutzeko ere. Euskal identitatea abiapuntutzat hartuta Europara begira jarriko gara», nabarmendu du Jaione Bengoetxeak, Oianguren institutuko Europar proiektuaren arduradunak. Hainbat helburu betetzen Ikasleek power pointeko aurkezpen batzuk egin dituzte herrialde bakoitzaren errealitatea azaltzeko, [...]
Hezkuntzaren arloan gero eta ohikoagoa da beste herrialde batzuetako esperientzietatik ikasi eta ikasleen artean trukeak egitea, lankidetza horrekin bestelako erreferentzia batzuk hartu eta haien burua aberastea lortzen baitute ikasleek. Ordiziako Oianguren institutuko ikasle eta irakasleak Europa mailako Comenius proiektuan murgilduta dabiltza iaztik, eta aste honetan Alemaniako eta Galesko ikasle eta irakasle talde bana hartu dituzte. Astelehenean eta asteartean ikastetxean aritu dira lanean, eta atzoz geroztik, astialdirako tartea hartzen ari dira. Atzo, esate baterako, Ordiziako D’elikatuz zentroa, azoka eta Zeraingo museoa bisitatu zituzten.
Oianguren institutuko bi irakasle Alemaniako Worbis herriko Marie Curie ikastetxean izan ziren uda bukaeran, lankidetza proiektu honen lehen harria jartzeko, eta orain hango zazpi ikasle eta hiru irakasle, eta Galesko Llandudno hiriko Ysgol John Bright School ikastetxeko zortzi ikasle eta bi irakasle dituzte bisitan. Bi urtean egin beharreko proiektua dute esku artean, eta tarte horretan, hiru ikastetxeetako ikasleek tokiko identitatea aurkeztu (ezaugarriak, hizkuntza, ohiturak…) eta hainbat lan egingo dituzte IKTak erabiliz. Ingelesa da lanerako hizkuntza. «Gure kultura ezagutarazteko aukera izango dugu hala, eta baita besteena ezagutzeko ere. Euskal identitatea abiapuntutzat hartuta Europara begira jarriko gara», nabarmendu du Jaione Bengoetxeak, Oianguren institutuko Europar proiektuaren arduradunak.
Hainbat helburu betetzen
Ikasleek power pointeko aurkezpen batzuk egin dituzte herrialde bakoitzaren errealitatea azaltzeko, eta herrialde bakoitzeko jai nagusiak biltzen dituen egutegi bat ere egin dute. «Horren barruan argazki lehiaketa bat ere egin dugu, eta sarean bozkatu dugu, herrialde bakoitza ze argazkik ordezkatuko duen erabakiz».
Bengoetxeak dioenez, proiektu hau aitzaki hartuta hainbat helburu lortzen ari dira: Euskal Herria «era positiboan» ezagutaraztea, ingelesa erabiltzea era praktikoan eta interesarekin, eta baita Europa ezagutzea ere: «Ikasleek ez dute hori sinesten, baina Europak gugan eragina ere baduela barneratzen ari dira». Bisitariak «harrituta» geratu dira Goierrin aurkitutakoarekin, Bengoetxeak azaldu duenez: «Uste zuten flamenkoa eta hondartza zeudela hemen, baina konturatu dira hotza eta euria egiten duela, mendia daukagula… Eskolan hierarkia handirik ez dagoelako ere harrituta geratu dira, eta Galeskoek galdetu digute hara itzultzen direnean eskolako uniformea berriz ere jantzi beharko duten».
Apirilean Galesera
Aste Santuaren ondoren Galesera joango dira institutuko ikasle eta irakasleak, eta 2013ko udaberrian Alemaniara. Bisitaldia bihar bukatuko da, eta egonaldiko azken bi egunekin gozatu nahi dute. Gaur Tolosara joango dira pilotarien entrenamendua ikustera, eta bihar, Aralarrera.














