Xakerako zaletasuna zabaltzeko txapelketa egin dute Urretxun
Goierri elkarteak antolatuta, 5 eta 14 urte arteko umeentzako xake txapelketa egin dute arratsaldean, eta guztira, Urretxuko, Zumarragako, Legazpiko, Beasaingo eta Elorrioko (Bizkaia) 70 jokalarik parte hartu dute. Xakerako zaletasuna zabaltzea izan du helburu lehiaketak, eta lehia baino jokorako gogoa izan da nagusi txapelketan. Batzuek besteak garaitu arren, hurrengoan nola jokatu erakusten aritu dira elkarri, eta txapelketak izan duen mailarekin oso gustura agertu dira antolatzaileak.
Goierri elkarteko xake eskola orain lau urte hasi zen gazteen artean xakea zabaltzeko lanarekin, eta pixkanaka, gero eta ume eta gazte gehiago dira astean hiru egunetan xakean jokatzen ikastera joaten direnak. Sei orduz aritzen dira astean xakean, eta ume kopuruak ere gora egiten duela ikusita, helburua betetzen hasi direla pentsatzen hasita daude Goierriko kideak. Urretxuko zein Zumarragako ikastetxeetatik, gainerako elkarteetatik eta udaletatik jasotzen duten laguntza ere eskertu nahi izan dute antolatzaileek.
Txapelketa amaituta, parte hartzaile guztiek elkarrekin meriendatu dute, eta opariak ere banatu dituzte umeen artean. Lehiaketa baino gehiago, xakean aritzeko aitzakia izan da gaurkoa, eta orain arte bezala, xakea zabaltzeko lan egingo dutela esan dute Goierritik. Horren adibide da sortu berri duten www.xakea.org webgunea. Xakean nola jokatu euskaraz ikasteko aukera ematen dute webgunean.