Zaldibian herriko informazioa biltzeko ‘zaldibia.org’ webgunea sortu dute
Zaldibian herri mailako ataria erabilgarri dute Interneten, joan den ostiralaz geroztik. Udalak sustatu eta herriko talde, elkarte eta eragile ugarik parte hartuta, Zaldibiako berri emango du aurrerantzean zaldibia.org webguneak. Informazioa ematea eta komunikazioa hobetzea dira uztarri digitalean batu dituzten bi kontzeptu nagusiak. Blog ugariren batura da webgunea. Zaldibiako talde bakoitzak bere esparrua izango du, dituen deialdiak, albisteak, informazioak edo jakingarriak independenteki lantzeko. Ondoren, atariaren azalean bata bestearen jarraian argitaratuko dira. «Tresna honek ideia zehatz bati erantzuten dio: edozein pertsonak eta kolektibok, inongo jakintza teknikorik gabe testuak, argazkiak eta bideoak Interneten argitaratzea», azaldu du Kepa Sarasola informatikariak, aplikazioa garatu duen Andoaingo IZT Informatika Zerbitzu Telematikoak enpresaren izenean. Software librean oinarrituta dago, eta blogak ditu osagai, edozeinek publika ditzakeenak. «Ekarpen txikiez osatutako poltsa handi bat da, azken batean. Bakoitzak du bere bloga, izaera propioarekin, eta blog handiagoan sartzen da», dio Sarasolak. Webgunean tartea edukitzeko baldintza bakarra Zaldibian antolatutako taldea izatea da. Hala ere, norbanakoek ere badute parte hartzeko aukera, idazlan literario eta gustuko gaiekin. Eragileek duten «komunikazio beharra» atariaren bidez ase ahalko dute, eta, aldi berean, zaldibiarrek gune bakarrean jasoko dituzte guztiak. Agenda bateratua ere badu, egunez egun Zaldibian zer dagoen zehazten duena. Webgunea parte-hartzearen eta informazioaren esparruko hutsuneak betetzera dator, Eñaut [...]
Zaldibian herri mailako ataria erabilgarri dute Interneten, joan den ostiralaz geroztik. Udalak sustatu eta herriko talde, elkarte eta eragile ugarik parte hartuta, Zaldibiako berri emango du aurrerantzean zaldibia.org webguneak. Informazioa ematea eta komunikazioa hobetzea dira uztarri digitalean batu dituzten bi kontzeptu nagusiak.
Blog ugariren batura da webgunea. Zaldibiako talde bakoitzak bere esparrua izango du, dituen deialdiak, albisteak, informazioak edo jakingarriak independenteki lantzeko. Ondoren, atariaren azalean bata bestearen jarraian argitaratuko dira.
«Tresna honek ideia zehatz bati erantzuten dio: edozein pertsonak eta kolektibok, inongo jakintza teknikorik gabe testuak, argazkiak eta bideoak Interneten argitaratzea», azaldu du Kepa Sarasola informatikariak, aplikazioa garatu duen Andoaingo IZT Informatika Zerbitzu Telematikoak enpresaren izenean.
Software librean oinarrituta dago, eta blogak ditu osagai, edozeinek publika ditzakeenak. «Ekarpen txikiez osatutako poltsa handi bat da, azken batean. Bakoitzak du bere bloga, izaera propioarekin, eta blog handiagoan sartzen da», dio Sarasolak.
Webgunean tartea edukitzeko baldintza bakarra Zaldibian antolatutako taldea izatea da. Hala ere, norbanakoek ere badute parte hartzeko aukera, idazlan literario eta gustuko gaiekin.
Eragileek duten «komunikazio beharra» atariaren bidez ase ahalko dute, eta, aldi berean, zaldibiarrek gune bakarrean jasoko dituzte guztiak. Agenda bateratua ere badu, egunez egun Zaldibian zer dagoen zehazten duena.
Webgunea parte-hartzearen eta informazioaren esparruko hutsuneak betetzera dator, Eñaut Hernandez zinegotziak azaldu duenez. «Askotan trabak izan dira, tresna faltagatik, edo herri aldizkaria ezin atera izanagatik. Herritarrei eta antolatzaileei buruhausteak sortu izan zaizkie, besteen berri jakin gabe ekitaldiekin elkar zapaltzeraino. Teknologia berriak aukera ahalbidetzen du, taldeak tresnaren partaide eta ardatz izanda».
Herri ikuspegia zabaltzeko
Informazioa bildu, landu eta zabaltzearekin, helburu gehiago lortzeko bidea ikusi dute udal arduradunek zaldibia.org gunearekin. Hainbat goiburu aipatu dituzte: «Herri bizitza osatzen duten egitasmoetan herritarren parte-hartzea sustatzea, herritarren indarrak bildu eta optimizatzea, informazioaren zabalpena sustatu eta kudeaketa demokratizatzea, parte-hartzearen inguruko ikuspegia eta kontzientzia garatzea, edota herri txikietako burbuila hautsi eta herri ikuspegia zabaltzea».
Areto futboleko jokalari Orkatz Gorrotxategik, webgunean partaide diren neurrian, atariak eskaintzen dien aukera goretsi du, «herriarengana iristeko eta bakoitzaren lana zabaltzeko».
Ekimenak Goierriko beste udalerri batzuen interesa ere piztu du. «Beste batzuentzat ere baliagarri izan daiteke, jada batzuek galdetu digute», dio Mikel Luloagak, udaleko koordinatzaileak.
Albisteak, agenda eta bideoak denen eskura
Albiste segida aurkituko du zaldibia.org webgunera sartzen den erabiltzaileak berehala. Talde bakoitzak bere blogean idatzitakoak zerrendan ageri dira, testu, irudi edo multimedia dokumentuekin hornituta.
Agenda da gunearen bigarren zutabe garrantzitsuena. Egutegi baten gainean klikatuta, egunez egun herrian zer ikuskari, ekitaldi edo kirol proba dauden begi kolpe batean erakusten du.
Herriko hamar talderen partaidetzarekin abiatu da webgunea, oraingoz. Hala ere, udala elkarte gehiagorekin hartu-emanetan da, etorkizunean eragile gehiago sar daitezkeelako. Lardizabal herri eskolak, edota herriko alderdi politikoek, esate baterako, aurki edukiko dute presentzia.
Udalak ere baditu bere blogak, zerbitzu bakoitzarentzat berezituta. Momentuz udala eta kultur etxea daude. Herritarron txokoa atalean, norbanakoek igo ditzakete lanak edo gogoetak.
Zaldibia Telebista deitutako saila da beste bereizgarri bat. Bideoak biltzeko tresna da, horiek ere erabiltzaileek sortuak. Dokumentuak zintzilikatzeko modua ere bada, argiteria-sarearen azterketa, Zaldibiako euskarari buruzko ikerlana, edo loturak, kasu.
Talde bakoitzak norbere bloga landuko du, eta gune bakoitzera zuzenean iritsi ahalko da. zaldibia.org biltzailearen helbideari elkartearen luzapena gehituta bereizi dituzte blogak.
Jarraipena egiteko posta elektronikora buletinak iritsarazten ditu sistemak. Harpidetu ondoren, erabiltzaileak bere kontuan jaso ditzake azkeneko berriak.
Barne lanetarako baliagarri
Zaldibiako bizitzaren hemeroteka funtzioa betetzeaz gain, elkarteek barnerako ere erabili ahalko dute webgunea. Publikora irtengo ez den informazio osagarria sar dezakete, albisteari gogoetak, oharrak edo memoriak gehituta.