Gazta eta sagardoaren mendia izeneko proiektua aurkeztu dute gaur Zerainen
Zeraingo herriak Gazta eta sagardoaren mendia izeneko proiektua jarri du abian, eta Zerain Dezagun Fundazioak gaur eguerdian aurkeztu du herri museoan. Proiektua gaur egungo merkatuaren azterketa egin ondoren eta turismo arloan gastronomia geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari dela ikusita sortu da. Helburu nagusia Zeraingo bi produktu izarrak lotzea da, hau da, gazta eta sagardoa lotzea. Azken batean, Zeraingo herri museoaren osagarri izango den produktu turistiko berria sortu dute, ondare naturala eta ondare kulturala bat eginda. Aurkezpen ekitaldian Zerain Dezagun Fundazioko, Zeraingo Udaleko eta Aldabe Zerbitzu turistikoak-eko kideez gain, Jon Uriguen Landa Garapen, Berrikuntza eta Turismoko foru diputatua, Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua, Fermin Leizaola etnologoa, Ibon Aburuza Gipuzkoako sagardogile Elkarteko Lehendakari ordea, Unai Agirre Gipuzkoako sagardogile Elkarteko teknikaria, Maria Pui Artzai Gaztako ordezkaria, Zeraingo gaztagileak eta sagardogileak eta Zeraingo herritarrak izan dira. Proiektu horren bidez, gazta eta sagardoa lotuz eta herriko lehen sektorea eta hirugarrena uztartuz, herriaren garapen sozio‐ekonomikoa indartzea lortu nahi dute zeraindarrek. Hainbat egitasmo Gazta eta sagardoaren mendia proiektuaren barruan hainbat egitasmo daudela eman dute jakitera gaurko agerraldian. Horietako batzuk abian dira dagoeneko; beste batzuk berriz, aurki jarriko dituzte martxan. Martxoaren 1etik hasita, esaterako, ostiral eta larunbat iluntzetan doako autobus zerbitzua jarri dute martxan [...]
Zeraingo herriak Gazta eta sagardoaren mendia izeneko proiektua jarri du abian, eta Zerain Dezagun Fundazioak gaur eguerdian aurkeztu du herri museoan. Proiektua gaur egungo merkatuaren azterketa egin ondoren eta turismo arloan gastronomia geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari dela ikusita sortu da. Helburu nagusia Zeraingo bi produktu izarrak lotzea da, hau da, gazta eta sagardoa lotzea. Azken batean, Zeraingo herri museoaren osagarri izango den produktu turistiko berria sortu dute, ondare naturala eta ondare kulturala bat eginda.
Aurkezpen ekitaldian Zerain Dezagun Fundazioko, Zeraingo Udaleko eta Aldabe Zerbitzu turistikoak-eko kideez gain, Jon Uriguen Landa Garapen, Berrikuntza eta Turismoko foru diputatua, Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua, Fermin Leizaola etnologoa, Ibon Aburuza Gipuzkoako sagardogile Elkarteko Lehendakari ordea, Unai Agirre Gipuzkoako sagardogile Elkarteko teknikaria, Maria Pui Artzai Gaztako ordezkaria, Zeraingo gaztagileak eta sagardogileak eta Zeraingo herritarrak izan dira. Proiektu horren bidez, gazta eta sagardoa lotuz eta herriko lehen sektorea eta hirugarrena uztartuz, herriaren garapen sozio‐ekonomikoa indartzea lortu nahi dute zeraindarrek.
Hainbat egitasmo
Gazta eta sagardoaren mendia proiektuaren barruan hainbat egitasmo daudela eman dute jakitera gaurko agerraldian. Horietako batzuk abian dira dagoeneko; beste batzuk berriz, aurki jarriko dituzte martxan. Martxoaren 1etik hasita, esaterako, ostiral eta larunbat iluntzetan doako autobus zerbitzua jarri dute martxan Ordizia, Lazkao eta Beasaindik nahiz Legazpi, Zumarraga‐Urretxu eta Ormaiztegitik Zeraingo Oiharte eta Otatza sagardotegietara joateko.
Bestalde, otsailaren 6an, Sagardozale elkartearekin elkarlanean katak nola egiten diren jakiteko ikastaroa antolatu zuten Otatza sagardotegian. Ikastaroari buruzko balorazio oso positiboa egin zuten antolatzaileek, bai parte‐hartzaileei dagokionean eta baita piztu zuen interesarengatik ere. Horregatik, sustatzaileek bigarren ikastaro bat antolatzekotan dira. Ildo beretik, martxoaren 12an Petritegi sagardotegira irteera antolatu zuten sagardo dastaketa egiteko.
Erakusketa iraunkorra
Gazta eta sagardoaren mendia erakusketaren berri ere eman dute aurkezpenean. Erakusketa hori herri museoari lotuta dago. Herritarrek zein agintariek ikusi ahal izan dute, baina gaurtik aurrerairekita egongo da ikusi nahi duen edozein bisitarirentzat. Erakusketa horren bidez, aurrez aipatutako Zeraingo bi produktu izarrak lotzeaz gain, sagardogintza eta gaztagintzaren inguruko prozesua, historia, gastronomia, kultura, etab. azaldu nahi izan dituzte: gazta nola egiten den, sagardoa nola egiten den, urtaro bakoitzean artzain naiz sagardozaleak zein lan egin behar izaten dituen…
Astelehenetik ostiralera 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era bitartean egongo da irekita erakusketa, eta larunbatetan, igandetan eta jai egunetan berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00era artean.
Erakusketa bisitatzera doazenek, gazta zein sagardo dastaketak egiteko aukera ere izango dute. Horretarako gaztaren eta sagardoaren gozagune bat prestatuko dute antolatzaileek, eta kata egitera doazen bisitariei eskuorri bat banatuko diete. Era berean, gaztandegietara eta sagardotegietara ere bisita gidatuak egingo dituzte. Sagardogintzaren inguruko ikus‐entzunezko bat ere prestatu dute, eta erakusketa bisitatzera doan edonork ikusi ahalko du.
Erakusketa horrez gain, eta beti ere proiektuaren barruan, beste hainbat ekintza egingo dituzte urtean zehar. Martxoaren 20an gazta dastaketak nola egiten dituzten ikasteko aukera izango da Zeraingo herri museoan. Datozen hilabeteetan gazta eta sagardo dastaketak nahiz dastaketak egiten ikasteko ikastaroak antolatuko dituzte, oraindik egunak zehaztu gabe izan arren.
Hori guztia, Aldabe Turismo Zerbitzuak kooperatibak koordinatuko du. Aldabe Zeraingo Turismo bulegoaren kudeaketaz arduratzen da.
Aurtengo gazta eta sagardo berriaren aurkezpena
Gazta eta sagardoaren mendia proiektuaren aurkezpen ekitaldian, aurtengo gazta eta sagardo berria ere aurkeztu dituzte gaur Zerainen. Bertako artzain eta sagardogileek, gazta eta sagardo berriak eraman dituzte ekitaldira, eta agintari nahiz herritarrek Zeraingo aurtengo gazta eta sagardo berriak dastatu ahal izan dituzte.
Proiektuaren aurkezpen ekitaldia bukatu eta gero berriz, Zerain Dezagun Fundazioak antolatuta, bazkaria egingo dute Zeraingo Liztormendi elkartean. Hala, Fundazioak urte hauetan guztietan bazkideek eman duten babesa eta laguntza eskertu nahi izan du.













