Loinatz egunean, erromeria eta kuadrillen eguna
Beasaindarrek Loinatz jaietako egun seinalatua dute gaur, astelehena. Kuadrillen arteko jaia ospatzen ari dira, eguerditik aurrera, herriko lagun-taldeak. Lehenbizi futbitoko finala jokatu dute, La Salle ikastetxeko kirol pistan, euripean. Zanbo taldea...
Beasaindarrek Loinatz jaietako egun seinalatua dute gaur, astelehena. Kuadrillen arteko jaia ospatzen ari dira, eguerditik aurrera, herriko lagun-taldeak. Lehenbizi futbitoko finala jokatu dute, La Salle ikastetxeko kirol pistan, euripean. Zanbo taldeak irabazi du lehiaketa, Astrazurrirekin norgehiagoka ikusgarria eginda. Partida berdinduta bukatu da, eta penalti jaurtiketetan finago ibili dira Zanbokoak.
Loinatz eguna, ordea, aspaldiko urteetan gertatu ez den hutsune batekin hasi da. Prozesiorik ez dute egin, euriagatik. Andre Mari elizatik San Martin basilikara santua eramateko segizioa ospatu gabe azkenekoz geratu zela mende erdia bada, gutxienez. Basilikaren aurrean, ezpata-dantza egin dute hamabost mutikok. Herriko bandera mugitu, eta meza izan da. Ondoren hamaiketakoa zerbitzatu dute, tartean barraskiloak.
Lagun-taldeen bazkarien ondoren, kaleko festa-giroa 18:00ak aldera piztuko da atzera. Oria eta Iraunkorrak txarangak ibiliko dira musikarekin kalejiran, kuadrillak atzetik dituztela. Txosna gunean, lagun-taldeen arteko jokoak egingo dituzte.















