Olaberria, txapeldun
Olaberriak irabazi du Gipuzkoako Herriarteko pala txapelketa, lehiaketaren 22 urteko historian bosgarren aldiz. Larunbatean, Debako (Gipuzkoa) Aldats pilotalekuan, Donostiarekin jokatutako bi partidetan nagusi izan zen Olaberria. Larruzko paletan 32 et...
Olaberriak irabazi du Gipuzkoako Herriarteko pala txapelketa, lehiaketaren 22 urteko historian bosgarren aldiz. Larunbatean, Debako (Gipuzkoa) Aldats pilotalekuan, Donostiarekin jokatutako bi partidetan nagusi izan zen Olaberria. Larruzko paletan 32 eta 35 irabazi zuten goierritarrek; Garikoitz Arrieta eta Imanol Olaran aritu ziren Olaberriarekin, Iñigo Navarro eta Antonio Mena Donostiarekin.
Bigarren neurketan, pala motzean, 30 eta 40 menperatu zituzten olaberritarrek (Xabier Berasategi-Jose Manuel Garrido) donostiarrak (David Arozena-Joseba Sarasola).

Olaberria Herriarteko finalera iritsi den guztietan txapeldun atera da. Lehendik, 2003an, 2004an, 2005ean eta 2007an bururatu zuen txapela.
Hala, bosgarren txapela jantzita, Herriarteko pala sailean titulu gehien zituzten Donostiaren eta Errenteriaren pare jarri da Olaberria, haiek ere bost aldiz izan baitira garaile; Errenteria lehen bost urteetan (1991tik 1995era), eta Donostia 1997an, 1998an, 2002an, 2006an eta 2008an.













