Erroetara itzuli da Segura
Bi urtez behin Seguran egiten duten Gure erroetan murgilduz festa egiten ari dira egunotan. Ostiral gauean hasi zituzten aurtengo ekintzak, hainbat herritarrek eta Segurako hainbat txokotan grabatutako irudiekin osatutako Sua filma ikusteko aukera egon...
Bi urtez behin Seguran egiten duten Gure erroetan murgilduz festa egiten ari dira egunotan. Ostiral gauean hasi zituzten aurtengo ekintzak, hainbat herritarrek eta Segurako hainbat txokotan grabatutako irudiekin osatutako Sua filma ikusteko aukera egon baitzen. Eguraldiak emanaldia Botikaxahar kulturgunera eraman zuen, eta euritik libre, historian atzera egin eta antzinako bizimodua ezagutu ahal izan zuten.
Atzo arratsaldean ireki zituzten atariak lehenengoz, eta hasieran jende askorik ez bazebilen ere, arratsaldeak aurrera egin ahala gero eta bisitari gehiago gerturatzen joan zen. Iluntzean herri afaria egin zuten, eta dantza ikuskizunarekin amaitu zen eguna askorentzat. Gaur egun osoan egongo da festaz gozatzeko aukera. Herriguneko hainbat atari eta txokotan, antzinako lanak egiten ari dira hainbat artisau, eta horietako asko, ia denak, herritarrak dira. Baita euria egiteko eskean letaniak abesten atera direnak, edo itsas maskorrak lepotik zintzilik zituztela Santiagora bidean doazen erromesen paperean ibili direnak ere. Gaur, 19:00ak arte egongo dira atariak irekita. Guztira, 35 atari eta txoko prestatu dituzte herritarrek festarako, Erdi Aroan bereizgarri ziren hainbat lanbide eta jardun hartzeko.
Gure erroetan murgilduz festa iragartzeko orain urte batzuk grabatutako irudiak:













