Beasainek esperientzia eta gaztetasuna uztartzen dituen talde berritua aurkeztu du
Beasainek goitik behera eraberritu du taldea datorren denboraldiari begira. Bederatzi baja izan dituzte aurten; batzuk beste talde batzuetara joan direlako, futbola utzi dutelako besteak. Horrek plantilla berritzera behartu ditu, eta esperientzia handiko hainbat jokalari eta gazteagoak diren beste batzuk ekarri dituzte, denak gipuzkoarrak. Berrikuntza horiekin, «talde sendoa» osatzeko moduan izango direla uste du Iker Lasa entrenatzaileak. Aste honetan hasi dituzte opor ondoreneko aurreneko entrenamenduak, eta abuztuaren 25ean ekingo diote 3. mailako ligari. Aurretik ordea, aurre denboraldiko sei partida jokatuko dituzte, hil honen 28an hasita. Denboraldi berriari «ilusioz» begiratzen diote, baina hasieratik helburu handiak jartzea baino nahiago dute pixkanaka joan. Iker Lasak azaldu duenez, «iazko denboraldia hor dago eta erreferentzia hori beti egoten da. Baina kontuan izan behar da ia talde osoa berria dela, eta partidaz partida joan behar da, taldeak ze maila ematen duen ikusteko». Kanpotik etorritako jokalariak Taldeak guztira bederatzi baja izan ditu, eta horri buelta emateko, jokalari berriz osatu behar izan dute plantilla. Taldea utzi dutenen artean, esperientzia handiko hainbat jokalari daude; Garmendiak eta Iraolak, esaterako, futbola utziko dute, eta hori, galera handia izango da taldearentzat. Artola, Kolo eta Urkizu Gernikara joango dira, eta beste hainbat jokalari, Euskal Herritik kanpoko taldeetara; hala nola Levantera (H.Katalanak), Esloveniara eta Alemaniara. Iaz taldea hartu zutenean, beraien asmoa «epe [...]
Beasainek goitik behera eraberritu du taldea datorren denboraldiari begira. Bederatzi baja izan dituzte aurten; batzuk beste talde batzuetara joan direlako, futbola utzi dutelako besteak. Horrek plantilla berritzera behartu ditu, eta esperientzia handiko hainbat jokalari eta gazteagoak diren beste batzuk ekarri dituzte, denak gipuzkoarrak. Berrikuntza horiekin, «talde sendoa» osatzeko moduan izango direla uste du Iker Lasa entrenatzaileak.
Aste honetan hasi dituzte opor ondoreneko aurreneko entrenamenduak, eta abuztuaren 25ean ekingo diote 3. mailako ligari. Aurretik ordea, aurre denboraldiko sei partida jokatuko dituzte, hil honen 28an hasita. Denboraldi berriari «ilusioz» begiratzen diote, baina hasieratik helburu handiak jartzea baino nahiago dute pixkanaka joan. Iker Lasak azaldu duenez, «iazko denboraldia hor dago eta erreferentzia hori beti egoten da. Baina kontuan izan behar da ia talde osoa berria dela, eta partidaz partida joan behar da, taldeak ze maila ematen duen ikusteko».
Kanpotik etorritako jokalariak
Taldeak guztira bederatzi baja izan ditu, eta horri buelta emateko, jokalari berriz osatu behar izan dute plantilla. Taldea utzi dutenen artean, esperientzia handiko hainbat jokalari daude; Garmendiak eta Iraolak, esaterako, futbola utziko dute, eta hori, galera handia izango da taldearentzat. Artola, Kolo eta Urkizu Gernikara joango dira, eta beste hainbat jokalari, Euskal Herritik kanpoko taldeetara; hala nola Levantera (H.Katalanak), Esloveniara eta Alemaniara.
Iaz taldea hartu zutenean, beraien asmoa «epe ertain batean gazte jendea eta ilusioa izango zituen talde bat osatzea» zela azaldu du Lasak. Iaz egin zuten denboraldi onak, ordea, «beste talde garrantzitsu batzuk ere gure jokalariak fitxatzea» ekarri du. Horrek, berriz ere jokalari berrien bila hastea eskatzen zuen, eta Lasaren ustez, «hilabete hauetan klubak lan handia» egin du. Horri esker, «itxura polita duen talde bat» osatzea lortu dutela dio; «talde konpetitiboa izango den esperantza badugu behintzat».
Fitxajeen artean, esperientzia handiko jokalariak eta jende gaztea uztartu dituzte. Tartean, ibilbide luzea egin duten eta talde ezagun askotan jokatu duten jokalariak daude, hala nola, Gorka Brit, Zuhaitz Gurrutxaga eta Iker Pastriain. Haiekin batera, ordea, jokalari gazteagoak ere badaude, tartean Sansetik datozen Gorka Elustondo beasaindarra eta Jon Manuel Vega zumarragarra, edota Aitor Imaz eta Iban Garcia.
Lasaren hitzetan, «esperientzia handiko jokalari batzuk galdu ditugu. Orain datozenak ere, batzuk esperientziadunak, besteak berriagoak, baina dudarik gabe jokalari onak dira, eta ilusioarekin gaude dena nola doan eta taldeak nola eboluzionatzen duen ikusteko».
Plantilla osatzeko, erregional mailako taldearen fitxa duten beste lau jokalari arituko dira beraiekin: Xabier Jimenez eta Harriet Zaldua erdilariak, eta Asier Dorronsoro eta Arkaitz Torres aurrelariak. Aratz Garmendia eta Lander Iparragirre berriz, urtebeteko probaldian egongo dira. Azkenik, Joan Manuel Rivera prestatzaile fisikoa ere hartu dute.
Aurre denboraldiko partidak
Datorren denboraldia behar bezala prestatzeko, Beasainek sei partida jokatuko ditu ligako txapelketa hasi aurretik. Aurreneko partida etxean jokatuko dute, hil honen 28an, Pasaiaren kontra. Hilaren 31n berriz, partida berezia jokatuko dute, Irunen, 2.B maialako Real Unionen kontra. Abuztuan berriz, Anaita suna (8an) eta Hernani (11n) taldeen kontra partida bana, eta Lagun Artearen kontra joan eta etorriko bi partida (14an eta 18an) jokatuko dituzte.