Herri barruko autobusa probatzeko aukera egongo da bihar
Tokiko Agenda 21eko Fororako deialdia egin dute biharko Legazpin. Udako atsedenaldia eta gero, bilera berri baterako deialdia luzatu diete herritarrei udaletxetik. Mugikortasunari lotutako bi gai landuko dituzte biharko bilkuran. Oinezkoen ibilbideen i...
Tokiko Agenda 21eko Fororako deialdia egin dute biharko Legazpin. Udako atsedenaldia eta gero, bilera berri baterako deialdia luzatu diete herritarrei udaletxetik. Mugikortasunari lotutako bi gai landuko dituzte biharko bilkuran. Oinezkoen ibilbideen irisgarritasunari buruz arituko dira batetik, eta laster abian jarriko den herri barruko autobusa probatzeko aukera izango dute parte hartzaileek, bestetik.
Legazpiko Mugikortasun Iraunkorraren Plana eta Irisgarritasun Plana aldatzeko unea iritsi dela eta, herriko irisgarritasunari buruzko hausnarketa egingo dute. Horretarako, kalera atera eta elkarren artean ondoko galderari erantzuten saiatuko dira: Nola hobetu daiteke Legazpiko oinezkoen ibilbide nagusien irisgarritasuna?.
Herri barruko autobusa
Gainerakoan, berehala martxan jarriko duten herri barruko autobusa probatzeko aukera izango dute biharko bileran parte hartzen dutenek. Udal gobernuak azken osoko bilkuran jakitera eman zuenez, urriaren erdialdera errealitate izango da herri barruko autobusa Legazpin.
Aurretik, herritarrei zerbitzuaren inguruko informazioa banatuko zaie etxez etxe, ibilbidearen, ordutegiaren edo maitasunari buruzko xehetasunak zehaztuz. Lehenengo hilabetean zerbitzua doakoa izango da, eta ondoren 20 zentimo ordaindu beharko da bidaia bakoitzeko. Biharko bilera udaletxeko areto nagusian hasiko dute, 18:30ean.