Unaien erakustaldi ikusgarria Ormaiztegin
Western giro erabatekoa sortu du gaur arratsaldean Ormaiztegin Euskal Western Elkarteak antolatutako ikuskizunak. Hamasei bat unai elkartu dira, zaldi banarekin, behiak esparruan sartzeko iaiotasuna erakusteko. Antoneneko zelaia hesituta, zaldi domaren erakustaldi ere bihurtu da saioa, gisa honetako lehenengoa Goierrin.
Lehenbizi ‘cattle penning’ modalitatean jardun dira. Unai bakarrak, zaldian, epaimahaikoak izendatutako behi bat -sei buru erabili dituzte arlo honetan- sailetik apartatu, eta esparru txikiagora eraman behar zuen, minutu bateko denboran. Zaldiaren gidaritza, ezaugarriak eta lanerako dohainak erabili behar izan dituzte zaldizkoek.
Ondoren, ‘team penning’ arloan, bi zaldizkok parte hartu dute, denbora eta behi talde bikoitzekin.
Unaien artean, hiru ormaiztegiarrek parte hartu dute: Igor Baronek, Igor Juantorenak eta Ander Legorburuk.