Legazpi barruko autobusaren lehenengo erabiltzaileak
Herri barruko autobusa urriaren 15etik aurrera izango da martxan, besterik ezean. Ostegunean, Tokiko Agenda 21ean aritzen diren herritarrek zerbitzu berria probatzeko aukera izan zuten. Junetorri-Auzoz auzoko autobus zerbitzua izena emango diote. Errot...
Herri barruko autobusa urriaren 15etik aurrera izango da martxan, besterik ezean. Ostegunean, Tokiko Agenda 21ean aritzen diren herritarrek zerbitzu berria probatzeko aukera izan zuten. Junetorri-Auzoz auzoko autobus zerbitzua izena emango diote. Errotulazio lanak egiteko daude, baina autobusa berdez margotuko dute. Astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua autobusak hamaika hilabetetan zehar, abuztuan izan ezik. Lehenengo hilean zerbitzua doakoa izango da eta gero, 20 zentimo ordaindu beharko da bidaia bakoitzeko.
Datorren asteazkenean aurkeztuko dute ofizialki zerbitzua. Lau Bide kalean ekitaldia egingo dute horretarako arratsaldeko 18:30ean. Euria egingo balu, aurkezpena Domingo Agirre ikastetxean egingo dutela iragarri dute udaletxetik. Aurkezpen ekitaldiak, hala ere, ez dira asteazkenekoarekin amaituko. Izan ere, ostegunean bi ekitaldi gehiago aurreikusi dituzte, herritarrei zerbitzua erakusteko. 09:00etatik 13:00etara Euskal Herria plazan egongo da autobusa eta 16:45ean gizarte zentroan hitzaldia eskainiko dute.