Ataun of the dead film laburrak izan zuen arrakasta ikusita, haren egileak trilogia bat izango denaren bigarren zatia prestatzen ari dira. Ekainean hasi zituzten grabaketak eta urte bukaerarako errodajea bukatuta izatea espero dute. Lehenengo lanarekin hartutako esperientziari esker, «kalitate handiagoko filma» izango dela azaldu dute. Denera berrehun bat lagun ari dira parte hartzen, eta dozena erdi bat tokitan egiten ari dira grabazioak. Zonbiak bueltan dira, eta sorpresa askorekin datoz, gainera.
Beñat Iturriotz filmaren zuzendariak azaldu duenez, Ataun of the dead filmak izan zuen zabalkundeak «harrituta» utzi zituen. «Eskuetatik alde egin zigun; guretzako egindako gauza bat zen, baina interneten zabaldu genuen, eta pixkanaka jendea batetik eta bestetik eskatzen hasi zitzaigun». B serieko hainbat jaialditan ere izan da, eta Valentzian, adibidez, epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen, irailean. Hil honen erdi aldera berriz, Kolonbiako zonbien generoko jaialdi batean eskainiko dute.
Bigarren filma egiterakoan, «aurrekoaren planteamenduari» eutsi diotela azaldu du Iturriotzek. «Hemen ez dago profesionala den inor. Profesional batzuk eskaini digute laguntza, baina guk nahiago izan dugu geure erara jarraitu. Dirua lortuz gero eta lantalde profesional batekin sekulako filma egin daiteke. Baina kontuan izan behar da guk erabili dugun aktore kopurua, argiztapena, kamerak… dena profesionala izanez gero, dirutza handia izango litzatekeela. Guk azkenean 400-500 euro gastatu ditugu».
Filmean aktore moduan parte hartu duen Ander Arresek ere, beraientzat ikasteko eta ondo pasatzeko modu bat dela dio. «Dena ikasten ari gara, aktore lana, makillajea, argiztapena, errodaje bat nolakoa den… Denontzat gauza berriak dira, baina eginez ikasten da. Hemen denok denetik egiten dugu, aktore lanetatik hasi eta atrezzoa ere denon artean prestatzen dugu». Lantaldekoek ez ezik, lagunek eta senideek ere lagundu diete horretan. Arresek dioenez, «baliabiderik ez dagoenean sormena erabili behar da, kontua da buruan garbi izatea zer egin nahi den, eta gero hori nola egin asmatzea». Hala, travelling-ak egiteko makinak, garabi bat eta argiztapenerako aparailuak ere euren kasa egin dituzte. Iturriotzen hitzetan, «bestela oso garestiak izango liratekeen gauzak, etxeko moduan egin ditugu». Egin dutenaren moduko travelling aparailu batek 5.000 euro inguru balio ditu merkatuan, baina beraiek 60 euroan moldatu dute.
Jauzi kualitatiboa
Gauzak egiteko modua etxekoa eta lagun artekoa izanagatik, aurreko lanetik asko ikasi dutela eta garapen hori, azken emaitzan ere nabarituko dela uste dute egileek. Zentzu horretan, aurreko lanetik jauzi kualitatibo bat eman dute, baina baita kuantitatiboa ere. Izan ere, askoz extra gehiago erabili dituzte. «Aurrekoan batez ere koadrillako jendea zen. Orain talde edo herri ezberdinetako jendea dago, Eibarkoa, Zumarragakoa, Hernanikoa, Donostiakoa, Bilbokoa…». Horiez gain jende askok parte hartu du teknikari moduan, jantziak egiten edota soinu banda grabatzerakoan. «Denera 200 lagun inguru» izango direla kalkulatu dute. Proiektuaren hasieratik, «parte hartze hori irekia» izatea nahi zuten, eta jendeari «sorkuntza aldetik ideiak eta proposamenak egiteko aukera» eman nahi izan diote.
Eskenatokiei dagokionean ere, denetariko tokiak erabili dituzte; Hernaniko taberna bat, zuzendariaren anaiarena, edota Aralarko parajeak, esaterako. Eskena batzuk grabatzeko Oiduiko txabola bat utzi zieten, eta hori eskertu nahi diote Zaldibiako jendeari.
Azken eskena «berezia» izatea nahi dute, eta egileen asmoa, Gernikako arbolaren aurrean grabatzea da. «Toki sinbolikoa da, bisualki oso indartsua, eta filmerako oso garrantzitsua litzateke, baina baimenak eskatu beharra dago eta ez da erraza izango».
Zumalakarregi VS. Agirre
Historiari dagokionean, filma aurrekoaren jarraipena izango da, baina hainbat sorpresarekin. Iturriotzek azaldu duenez, aurreko lanean, «Patxi Lopez gobernura iritsi zenean, karlistak haren aurka nola altxatzen ziren» kontatu zuten. Ideia hori, Lopez Eusko Jaurlaritzara iritsi zenean bururatu zitzaien egileei. «ETBko maparekin egin zutena ikusita etorri zitzaigun ideia; EAE bananduta, Trebiñuko zuloa, normalizazio politikoa… gogoratu ginen Fernando VII. hil zenean eta Maria Cristina jarri zenean, nola foruak kendu eta aduanak kostaldera pasa zituzten, eta jolas bat eginez, Patxi Lopez gobernura iristea karlista haientzako detonante moduan erabili genuen».
Bigarren lanean, Zumalakarregik lehendakaria kendu eta Iruñeara joko du, bere burua euskaldunen errege izendatzeko. Baina bide horretan arerio bat izango du, Partido Nacionalista Vampiro deritzana. «Beraiek ere boterea nahi dute, eta horretarako Joxe Antonio Agirre lehendakaria berpiztuko dute, banpiro moduan». Hala, bi bandoen arteko borroka sortuko da; «zonbien eta banpiroen artekoa, Zumalakarregiren eta Agirreren artekoa, bandoen arteko gerra bat azkenean, baina anaien artekoa».
Filmak
Joxean’s Hileben izenburua izango du,
Ocean’s eleven filmari keinu bat eginez, baina, hil eben, bizkaieraz bezala idatzita, «filmean gertatuko denaren pista moduan». Egileek gaiaren inguruko trilogia bat osatu nahi dute, eta hirugarren zatia izango dena pentxatzen hasita daude dagoeneko. «Han kontatuko dugu nola Euskal Herriak errege bat izatekotan, ez litzatekeen Zumalakarregi izango, baizik eta Nafarroako erregeen leinuko norbait. Bildukoek Antxo Handia berpiztuko dute, momia moduan, Zumalakarregiren kontra joateko. Beraz ostiak denentzako daude, PSErentzat, PNVrentzat eta Bildukoentzat. Eta horrela, zonbiak, banpiroak eta momiak, denak aterako ditugu».
Behin filma bukatutakoan, aurre estreinaldi moduko bat egingo dute Hernanin, lantaldekoek ikus dezaten. Baina gero, beraien asmoa «gutxienez parte hartu duen jendearen herrietara joatea» dela azaldu du Iturriotzek. Kamisetak eta soinu bandaren CDak ateratzeko asmoa ere badute. Filmaketa presarik gabe hartu nahi badute ere, urte bukaerarako bukatzea espero dutela azaldu dute egileek.