CAFek lan erregulazio txostena bertan behera utzi du eta bilerak hasiko dituzte
CAFeko zuzendaritzak atzera egin eta bertan behera utzi du lana erregulatzeko espedientea aurkezteko asmoa. Langileek 10. protesta eguna zuten gaur, eta goizean izan dute erabakiaren berri. Enpresak eta zuzendaritzak bilera dinamika bat zabalduko dute orain, elkarren artean, lan karga faltari eta honek eragindako egoerari irtenbideak elkarrekin aurkitzeko asmoz. Sindikatuak gustura agertu dira azken neurri hori dela eta. Protestak hasi zituztenetik, langileen eskakizun nagusia izan da lan erregulazio espedientea bertan behera uztea. Gaur goizean, lantegira iritsi orduko, zuzendaritzaren deia jaso dute langileen ordezkariek, 07:00etarako bilera baterako deia eginez. Han azaldu die zuzendaritzak erregulazioa alde batera uzteko asmoa. Emandako lehen azalpenean enpresako arduradunek argudiatu dute egoera honek ezin zuela jarraitu, ez zelako ona ez enpresarentzat ezta langileentzat ere. Hala ere, 2013ko lehen seihilekorako lan karga falta «egiazkoa eta eztabaidaezina» dela azaldu dute. Kanpoan batzarra egiteko zain zeuden 1.500 langileek «pozez» hartu dute berria. Alfonso Masid LAB sindikatuko kideak azaldu duenez, «indar handia egin behar izan dugu, dirua galduz, baina ideia garbi batekin, CAFen ez zela ERErik behar». Bilerak, bihartik aurrera Hala, bihar bertan hasita –11:00etan dute hitzordua–, «bilera dinamika bat» hasiko dute bi aldeek, lan falta horri irtenbideak bilatzeko. Sindikatuek ere lantegiaren eta langileen egoera «gaur egungo beharretara egokitu» behar dela azaldu [...]
CAFeko zuzendaritzak atzera egin eta bertan behera utzi du lana erregulatzeko espedientea aurkezteko asmoa. Langileek 10. protesta eguna zuten gaur, eta goizean izan dute erabakiaren berri. Enpresak eta zuzendaritzak bilera dinamika bat zabalduko dute orain, elkarren artean, lan karga faltari eta honek eragindako egoerari irtenbideak elkarrekin aurkitzeko asmoz. Sindikatuak gustura agertu dira azken neurri hori dela eta.
Protestak hasi zituztenetik, langileen eskakizun nagusia izan da lan erregulazio espedientea bertan behera uztea. Gaur goizean, lantegira iritsi orduko, zuzendaritzaren deia jaso dute langileen ordezkariek, 07:00etarako bilera baterako deia eginez. Han azaldu die zuzendaritzak erregulazioa alde batera uzteko asmoa. Emandako lehen azalpenean enpresako arduradunek argudiatu dute egoera honek ezin zuela jarraitu, ez zelako ona ez enpresarentzat ezta langileentzat ere. Hala ere, 2013ko lehen seihilekorako lan karga falta «egiazkoa eta eztabaidaezina» dela azaldu dute.
Kanpoan batzarra egiteko zain zeuden 1.500 langileek «pozez» hartu dute berria. Alfonso Masid LAB sindikatuko kideak azaldu duenez, «indar handia egin behar izan dugu, dirua galduz, baina ideia garbi batekin, CAFen ez zela ERErik behar».
Bilerak, bihartik aurrera
Hala, bihar bertan hasita –11:00etan dute hitzordua–, «bilera dinamika bat» hasiko dute bi aldeek, lan falta horri irtenbideak bilatzeko. Sindikatuek ere lantegiaren eta langileen egoera «gaur egungo beharretara egokitu» behar dela azaldu dute. Hala, langileei formazioa eman eta birziklatzeko aukera aipatu dute. Bestalde, lan karga faltari aurre egiteko, «kanpotik lan gehiago ekarri» behar dela uste dute. Horretarako, «garai batean egiten ziren eta aspaldian baztertuta dauden lan batzuk berreskuratzea» ere mahai gainean jarriko dute, hala nola konponketa lanak edo garabientzako gurpilak egitea, besteak beste.
Irtenbidea negoziatua izango bada ere, «ahalik eta azkarren» adostasuna bilatu eta neurriak aplikatzen hasi beharko direla azaldu dute langileen ordezkariek, lan kargaren jaitsiera urtarrilerako aurreikusten baita.













