Etxebizitza sozialen inguruko afera argitu nahi izan du udalak
Beasaingo Udalak gizarte larrialdietarako dituen etxebizitzen inguruko oharra kaleratu du, azken gertaeren aurrean, gai honen inguruan kaleratu diren kontuen aurrean, «informazio zuzena» eman nahi dutelako. Udalak ukatu egin du etxebizitza horietako baten erabiltzaileari etxea uzteko eskatu izana desjabetzeekin lotu daitekeenik, arrazoiak oso bestelakoak baitira.
Udalak azaldu duenez, beharra dutenei erantzun bat emateko 8 pisu dituzte, ongizate sailetik kudeatzen direnak. Pisu horren erabiltzaileak urtebeko kontratuarekin sartzen dira, eta epe hori bukatutakoan, ongizate sailak familia horren egoera ebaluatzen du, etxebizitza horretan jarraitu behar duen edo ez erabakitzeko. «Familia horien egoerak hobera egiten duenean, edo beste alternatibaren bat dutenean, pisu hauek uzten dituzte, etxebizitza baten beharra duen beste norbaiti lekua utziz».
Hori da etxebizitza horietako erabiltzaile baten kasua. Haien egoerak hobera egin zuela ikusita, 2012ko uztailaren 31rako etxea uzteko eskatu zitzaien. Familiak hala eskatuta bi atzerapen onartu zitzaizkien. Epe hori ere bukatu zaie, ordea. Ongizate arloko teknikariek etxebizitza bat bilatzen lagundu diete, eta hil honen bukaerarako utzi beharko dute.
Udalak, une honetan etxebizitza guztiak beteta daudela, eta orain hutsik geldituko dena behar handiagoa duen beste familia batek beteko duela azaldu dute.