LABek dio Adegik ez duela metalgintzako herrialdeko hitzarmena sinatu nahi
LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur, Tolosako Trianguloa plazan, Adegik metalgintzako herrialdeko hitzarmena ez dela sinatu nahi salatzeko. Aurreko ostiralean herrialdeko hitzarmenaren mahaia bildu zen, eta LABek adierazi duenez, sindikatuak aurkeztutako proposamenari “ezezko borobilarekin” erantzun zion Adegik. “Patronalak ez du nahi metalgintzako hitzarmena Gipuzkoako metalgintzako langile guztientzako gutxieneko lan baldintzak arautzen dituen instrumentu izaterik”, azaldu du LABek, eta gaineratu: “Gobernu espainiarraren lan erreforma aplikatu nahi digute Gipuzkoako langileoi. Hau da, ultraaktibitaterik ez, soldata izozketa, hitzartutakoa ezerezean uzteko derrigorrezko arbitraia, eta abar…”.
“Erlojuz kontrakoa” aspaldi hasi zela dio LABek eta Adegik ez diela “ezer oparituko” esan du. “Borrokaren bidez lortu beharko dugu”, esan dute LABetik, eta gaineratu: “Gure ustez, gainontzeko sindikatuek, hitzarmenaren alde daudela esateaz gain, bere alde zer egiteko prest dauden ere esan beharko lukete”. Hitzarmenaren aldeko apustua “garbia eta gardena” dela esan dute eta horregatik mobilizazioak hasi dituztela jakinarazi dute.
Goierri behean 132 enpresetako 6.467 langileri eta Goierri garaiko 81 enpresetako 2.324 langileri eragingo lieke neurri honek.