2013ko aurrekontuak aurkeztuko dituzte foroan
Datorren ostegunean, hilak 31 udal aurrekontuen zati bat lantzeko hirugarren eta azken bilera deitu du Legazpiko Udalak. Tokiko Agenda 21eko foroan landu dute gaia, 2013ko udal aurrekontuaren zati bat herritarrekin batera lantzeko helburuarekin.
Ekimen honen bitartez, herritarrei aurrekontuen ikuspegi osatu bat eskaintzea nahi du udalak. Baita, hauen inguruko erabakietan legazpiarren parte hartzea bultzatzea ere. Foroetan landu dutena aurrekontuen baitan inbertsioetara bideratuko den diru partidarena da. Udal aurrekontu osoaren %10 suposatuko dute, gutxi gorabehera, inbertsioek 2013an, 900.000 euro dirutan.
Asteazkenean egingo den osoko bilkuran onartuko dituzte 2013ko udal aurrekontuak. Behin, hauek onartuta Tokiko Agenda 21eko foroan herritarrei hauen berri zehatza ematea izango da hirugarren eta azken bilera honen helburua. Ohi bezala, udaletxeko batzar aretoan egin dute bilerarako hitzordua. 18:30ean emango diote hasiera eta bi orduko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Nahi duen oro gonbidatu dute bertan parte hartzera.