Idiazabalgo txistularia
Naxario Telleria (Idiazabal, 1951) zazpi urte zituela hasi zen txistua jotzen ikasten. Bere aita, Naxario –hura ere txistularia– izan zuen lehenengo irakaslea. Bittoriano Telleria osabarekin, berriz, pianoa jotzen ikasi zuen. Zortzi urterekin jo zuen lehenengo aldiz txistua kalean, Idiazabalgo Guraso Elkarteko lehen harria jarri zutenean. Harrezkeroztik, Naxario Telleriaren txistu doinuak ezagunak dira Idiazabalen. Herritar askoren txistu eta solfeo irakaslea izan da, eta txistuaz gain, herriko organista eta abesbatzaren zuzendaria ere bada.