San Bosko eguneko ikasleeen festa
Goierri beheko gazteek ondotxo ezagutzen duten eguna da gaurkoa. Urtarrileko azken ostiralez ospatu izan da beti San Bosko edo San Juan Bosko eguna.
Egun hau noiztik ospatzen den zehazki inork ez badaki ere, «duela 22 urte inguru behintzat» ospatzen zela ziurtatu dute Lazkaoko San Benito ikastolakoek. Ordu hartan Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko ikastetxeetako ikasle guztiak biltzen zituen egun osoko festa zen San Bosko egunekoa. UBI eta BBB mailetako gaztetxoak jolasak eginez batzen ziren, txandaka, hiru herri horietako batean, eta bertan igarotzen zuten eguna. «Egunean zehar ekintza asko egiten ziren, eta gauean ere dantzaldia egoten zen. Lazkaon egin zen batean gauean Drindots taldearen dantzaldia egon zela gogoratzen dut», dio San Benitoko irakasle batek.
DBH sortu zen garaian, 90ko hamarkada hasieran, hiru herrietako gazte denak batzea gehiegizkoa ikusi zuten festa antolatzen zutenek. Ordurako, gainera, gazteak arratsalde partean Ordiziako tabernetara joaten hasiak ziren, eta festa nahasten hasia zegoen.
Orduan, ikastetxe guztietako gazteak batera elkartzetik, egun hau ikastetxe bakoitzaren esku gelditzera pasa zen. Ikastetxe batzuk jai egun soila bihurtu zuten, baina, beste batzuk, goizean eta eguerdian behintzat gazteekin ekintzak egiten jarraitu dute. Lazkaoko San Benito ikastolan, adibidez, goizean zehar jolasak eta ekintza ezberdinak egiten dituzte ikasleek: futbol txapelketa, pintxo lehiaketa, argazki lehiaketa, mus txapelketa, partxis txapelketa, playbacka, batxilergoko bigarren mailakoen ikuskizuna… Eguerdian ikasle eta irakasle guztiak batera joaten dira bazkaltzera –alkoholik eskaintzen ez den bazkarira– eta arratsaldean gazteek libre izaten dute. Gehiengo handi bat Ordiziara joaten da.
Ordizian inguruko herri guztietako gazteak elkartzen dira, eta asko bazkal aurreko poteotik hasita, gainera. Adinagatik edo, alkoholari edo dena delakoari neurri hartzea kostatzen zaio gazte askori, edo neurria gainditzeko gogoz joaten denik ere bada, eta ikuskizun bihurtzera ere iristen dira Ordiziako kaleak. Hala ere, gazteek ikaskideekin edo lagunekin egiten duten festa izaten jarraitzen du San Boskok funtsean.