![pnga_erakutsi](http://goierri.hitza.eus/site/files/2013/02/pnga_erakutsi9.gif)
Suhar arkeologia taldekoek Murumendiko gainean zundaketa lanak egiten aritu dira azken hiru urteetan. Denbora tarte horretan ateratako materialekin eta ondorioekin erakusketa jarriko dute otsailaren 8tik martxoaren 3ra bitartean. Sarrera doakoa izango da eta larunbatetan eta igandetan egongo da zabalik 18:00etatik 20:00etara. Erakusketa zabalik dagoen artean, gainera, Suhar arkeologia taldeko kide bat behintzat bertan egongo da, inguratutakoen dudak argitzeko edota erakusketa hobeto ulertzen laguntzeko.
Lau zatitan dago banatuta erakusketa: Burdin Aroko metalezko gauzak eta apaingarriak, Burdin Aroko zeramika ertzak eta adobea eta Burdin Aroko harrizko tresneria eta su erremintak osatuta egongo dira hiru erakusleiho eta, bestalde, Burdin Arokoak ez diren material guztiak bilduko dituen erakusleiho bat egongo da. Erakusketa didaktikoa eta arina egiten saiatu dira Suharrekoak eta horretarako bideoak, irudiak eta irudikapen ezberdinak egongo dira.
Honen inguruan hitzaldia emango dute Suhar arkeologia taldekoek Igartzan ostiral honetan arratsaldeko 19:00etan. Horrez gain lau minutu inguruko bideo bat ikusteko aukera ere egongo da hiru dimentsiotan aztarnategian aurkitutakoa bere garaian nolakoa zen ikusteko.