Ataunen kartelak biltzeko ekimena hasi du Atauniker elkarteak
Ataunen kartelak, afixak, iragarkiak, paskinak eta bestelako oharrak jasotzeko ekimena hasiko dute, gaur. Atauniker kulktur elkartea da sustatzaile, eta herriaren historia kaleko iragarki horien bidez osatu nahi dute.
Norbanakoen, taldeen nahiz alderdien laguntza eskatu dute. Batetik, iraganeko dokumentu horiek bildu nahi dituzte; eta, bestetik, aurrerantzean Ataunen antolatzen diren saio guztien iragarki-kartelak jasotzeko bidea ireki nahi dute. «Herriko alderdi, elkarte, mugimendu eta talde guztien partaidetza nahitaezkoa da, oroimen historikoa osatzearren, biltze-lan hau ohitura bihur dadin», azaldu du Ataunikerrek.
Orain artean urteetan etxean gordeta egon daitezkeen kartelak emateko deia egin dute, beraz. Berriak eta etorkizunekoak lortzeko, Ataungo eragileei nahiz taberna, jatetxe eta bestelako antolamenduei oharra bidali die kultur elkarteak: kalean ipinten dituzten kartel, paskin eta oharren ale bat gorde eta beraiengana iritsarazi dezatela.
Kartel bakoitzarekin identifikazio-fitxa egingo dute: emailearen datuak, kartelaren gaia, urtea eta informazio jakingarria. Ondoren, udaletxeko herri artxibategira eramango dute materiala, bertan gordeta gera dadin. «Ondorengo belaunaldiek herriariaren bizimodua eta histoira aztertzeko gaia izan dezaten».
Ekimena hasteko, erakusketa
Adibidea ipinita animatu nahi ditu Ataunikerrek ataundarra, bilketa horretan lagundu dezaten. Hala, gaur 19:00etan, erakusketa jarriko dute orain arte jaso dituzten aleekin, udaletxeko areto nagusian. 1974tik aurten arteko kartel, paskin, egutegi eta ohar historikoak dira, bere garaian kalean ipinita egondakoak.