'Gasteiz 1976ko martxoak 3: grebatik sarraskira' erakusketa dago ikusgai
Martxoak 3 elkarteak sustatutako erakusketa jarri dute egunotan ikusgai Legazpin, herriko memoria historikoa berreskuratzeko taldearen bitartez. Gasteiz 1976ko martxoak 3: grebatik sarraskira izenburupean dago ikusgai pasa den ostiralaz geroztik kultur etxean. Egun hartan Gasteizko Zaramaga auzoan greban zeunden langile bost langile hil zituen poliziak. Gertakari haiek gogora ekartzeko eta batez ere, belaunaldi berriei gertatutakoa erakusteko helburuarekin antolatu dute erakusketa.
Egun hartan jazo zena azaltzen duten panel ezberdinez osatuta dago erakusketa. Martxoak 3 elkarteak egindako dokumental bat ere eskaintzen dute etenik gabe, erakusketa osatzeko. Gelan bertan, 1986an Zaramagako plazan hildakoak omentzeko jarri zuten monolitoaren erreplika bat ere badago.
Horrez gain, gaurko hitzaldia ere antolatu dute. 19:00etan izango da kultur etxeko areto nagusian. Ampara Lasheras kazetariak eta Gasteiz 3 de marzo 1976. Un recuerdo 25 años despues liburuaren egileak parte hartuko du, Andoni Txaskon Martxoak 3 elkarteko lehendakariarekin eta Jose Luis Martinez de Ocio, hildakoen senidearekin batera. Ikus-entzunezko bat eskainiko dute lehenengo, eta hitzaldia eta solasaldia antolatu dituzte gerorako.
Otsailaren 15era arte dago ikusgai Legazpin, eta ondoren Urretxuko Juan de Lizarazu erakusketa gelara eramango dute, otsailaren 18tik 25era bitartean.