Merkataritza Mahaiak bilera egingo du gaur, ekintza plana zehazteko
Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia lantzen hasi zirenean, orain 18 hilabete, Merkataritza Mahaia osatu zen Ordizian, eta Eguerdian ebakia goiburupean mahai-inguruak egin ziren merkataritzaren egoera aztertu eta proposamenak jasotzeko. Udalak Ostalaritza Mahaia martxan jarria du dagoeneko, eta gaur, Merkataritza Mahaia dinamizatzen hasiko da. 15:00etan da bilera.
Aitor Velazquez merkataritza teknikariak plan bereziaren ildo nagusiak azalduko dizkie mahaiko ordezkariei gaurko bileran, elkarlanak duen garrantzia nabarmenduko die, eta aurtengorako ekintza eta proiektuen behin-behineko planifikazioa ere azalduko die. Gaurko bileran ekintza plan hori osatzea da asmoa, eta ahal dela, proposamen berriak jasotzea. Era berean, Merkataritza Mahaiaren hurrengo bilerarako gaiak ere finkatuko dituzte.
Udaberriko Azoka
Merkataritza gunea dinamizatzeko ekintzak antolatzen ere ari da udaleko merkataritza saila. Egingo diren ekintzak erabat itxi gabe baldin badaude ere, udaberriari begira Ordiziako Merkataritzaren Udaberriko Azoka antolatzeko lanean ari da sail hori. Martxoko hirugarren asteburuan egitea da asmoa, baina oraindik ez da hori behin betiko data. Azoka hori aurrera ateratzeko dendarien inplikazioa ezinbestekoa izango da.
Udaberriko Azoka hori «alaia eta koloretsua» izatea nahi dute, eta sektore desberdinetako dendariek haien produktu eta saltokien bitartez parte hartu ahal izango dute. Iaz «arrakasta handia» izan zuen formula bat errepikatzea da asmoa: Plaza Nagusira eta saltokien atarietara produktuak eta eskaintzak ateratzea.
Hurrengo hilabeteetarako eta urtean zeharrerako dinamizazio ekintza berriak antolatzen saiatuko dira, eta finkoak direnak «berrindartuko» dituzte. Ordizian Kirolean astearekin elkarlana egingo dute, kultura arloarekin ekintza erakargarri bat egitekotan dira, eta udazkenari begira moda desfilea eta azoka.
Ikastaroak merkatarientzat
Merkatarien formazioari ere garrantzia ematen ari dira Ordizian, eta hori dela eta, Facebook sare soziala erabiltzen ikasteko zortzi orduko mintegi bat egiteko aukera izango dute merkatariek datorren astean, hilaren 18tik 21era, 14:30etik 16:30era. Ordizianeko bazkideek abantailak izango dituzte ikastaroa ordaintzeko.