Igor Eguren, Esti Ruano eta Juan Mari Gereñu, atzo, udalaren eta Ordizianen arteko hitzarmena sinatzen
«Herritarrentzat, bezeroentzat eta bisitarientzat Ordizia erosoago, dibertigarriago eta erakargarriago bat sortzeko onuragarria izango da plan hau». Esaldi horrekin laburbil daiteke IKEI enpresak joan deneko urte eta erdian osatutako Ordiziako Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziak gordetzen duen mamia. Ordiziako Udaleko Merkataritza sailaren bitartez egindako txosten hori Ordiziako merkataritza eta ingurunea aztertuz osatu dute.
Joan den urtarrilaren 22an aurkeztu zuten IKEI enpresako ordezkariek plan berezi hori, udal gobernuko, merkataritza teknikari eta Ordizian elkarteko ordezkarien aurrean. Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak bultzatzea du helburu planak. Dokumentu batean egoeraren diagnosia jasotzen du, eta bigarren batean aurrera begirako jarduera proposamenak. Jarduera horiek gauzatzeko udalaren, Ordizianen eta saltokietako jabeen artean elkarlana «beharrezkoa» dela jasotzen du txostenak, Goieki garapen agentziak egin dezakeen lana ahaztu gabe.
Eremuak biziberritu
Ordiziako merkataritza eta haren ingurunearen azterketa jasotzen duen atalak «merkataritzaren irudia berritzea» eta hori sustatzeko lagungarriak izan daitezkeen proposamenak jasotzen ditu: hirigintzan inbertsioak egitea, ekintzaileei laguntzak ematea eta dinamizazio ekintzak egitea, besteak beste. Lan hori erakunde, enpresa, merkatari, herritar eta bezeroen artean egitekoa da.
Asmo horiek egi bihurtu bitartean, ordea, merkataritza ingurunea dinamizatzeko ekintzak antolatuko ditu Ordizian elkarteak, udaleko turismo, hirigintza, kultura eta kirol sailek lagunduta. Garagartza, Domingo Unanue eta Joxemiel Barandiaran plazak bezalako eremuak biziberritu nahi dituzte, Urdaneta eta beste kale batzuetan jarduerak egingo dituzte, ekintzaile berriekin lokal hutsei bizia eman nahi diete, eta aparkalekuak eta horien sarrera-irteerak hobetuko dituzte.
Hitzarmena berritu dute
Plan berezi hori egin ahal izateko ezinbestekoa izan da Ordiziako Udalak eta Ordizian elkarteak 2010eko irailean sinatu zuten lankidetza hitzarmena –diru laguntzak lortze aldera batez ere–. Hitzarmen hori urtero berritzeko konpromisoa hartu zuten orduan bi aldeek, eta halaxe egin zuten atzo, 2013. urteari dagokion hitzarmena sinatuz. Igor Eguren alkateak eta Juan Mari Gereñu sustapen eta garapenerako zinegotziak, eta Esti Ruano Ordizianeko lehendakariak sinatu zuten.
Bi aldeen artean lortu beharreko helburuak eta aurtengorako ekintza planaren laburpena jasotzen ditu hitzarmenak. Ordiziako merkataritzak dituen ahulezi, mehatxu eta indarrak ere biltzen ditu, baita horiek gainditu ahal izateko egin beharreko urratsak ere. Zeregin horretan bi aldeek dituzten eskubideak eta betebeharrak zeintzuak diren ere zehaztu ditu lankidetza hitzarmenak