Sasieta Mankomunitateak 10,2 milioiko aurrekontua dauka aurtengo
Goierriko 22 herrietan zaborra biltzeko, biltegiratzeko eta bideratzeko zerbitzua ematen duen Sasieta Mankomunitateak 10.182.870 euroko aurrekontua izango du 2013. urterako. Abenduaren 17an eman zion elkargoko Batzorde Errektoreak hasierako onespena, eta jende aurreko erakusketan egon den garaian erreklamaziorik edo oharrik batere jaso ez duenez, behin betiko izaeraz onartuta geratu dira, GAOn urtarrilaren 31n atera ondoren.
Aurreko urteko aurrekontuarekin alderatuta %1,67ko murrizketa izango du Sasietaren diru sailak, 173.590 euro gutxiago. 2011koarekin alderatuta ere baxuagoa da (10.272.150 euro ziren orduan).
Beasaingo zabortegian eta Urretxuko, Beasaingo eta Ordiziako Garbiguneetan zerbitzu publikoak emateagatik kobratu beharreko salneurriak ere onartu zituzten. Etxeko nahiz merkataritza saltokietako hondakin ez arriskutsuak zabortegian edo garbiguneetan uzteagatik tonako 74,70 euro ordaindu beharko da. Etxeko eraikuntza nahiz konponketa obra txikietan sortutako hondarren kasuan, berriz, tonako 31,80 euro kobratuko dute