Goierriko udalek 1,3 milioi euro itzuli beharko dituzte, 2012ko UFFFkoak
Bosgarren urtez jarraian, UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren likidazioa aurreikuspena baino beherago geratu da. Goierriko udalek guztira 1.289.387 euro itzuli beharko dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari, iaz zegokiena baino gehiago jasotakoak. Aurrekontuaren eta itxieraren artean, berez %3,96ko beherapena izan da. Hala ere, aldundiak 2,3 milioi euroko ekarpen berezia egingo du itzulketak arintzeko, eta azkenean %3,37an geratu da jaitsiera.
Udalek 2013an zehar ordaindu beharko dute iazko itzulketa, otsailean, maiatzean, abuztuan eta azaroan, 2013ko UFFFren lau laurdenei deskontua eginda. Bestetik, 2009ko gainbeherari dagokion zorra kitatzen aurten bukatuko dute udalek. Orduan 9,4 milioi euroko itzulketa egin beharrean suertatu ziren; 2011n hasita, hiru urtean ordaintzen ari dira, hamabi zatitan.