Bilduk legazpiarren ahotsa gutxiesten duela dio PSE-EEk
Legazpiko PSE-EEk prentsa ohar bidez adierazi duenez, «Bilduk atez atekoaren aurka bildutako legazpiarren sinadurak arbuiatzen» ditu. Sozialisten iritziz, «legazpiarren gehiengoak irmoki adierazi du atez ateko sistemaren aurka dagoela», bildu diren 3.683 sinadurak adibide gisa jarriz. Horregatik, Bilduk gehiengoaren iritzia «mespretxatu» duela ondorioztatu du, herriak bidalitako «mezu garbia» aintzat ez hartzea leporatzearekin bat.
Oscar Valbuena Legazpiko PSE-EEko bozeramaileak komunikatu berean salatu du, udal gobernuak «atez ateko sistema inposatzeko erabakia hasieratik» zuela hartuta. Era berean, alde ezberdinek osatuta martxan egon den negoziazio mahaia herritarren gehiengoak ukatzen duen sistema ezartzeko «lurreratze pista» izan dela gaineratu du.
Udal gobernuak inoiz ez du bosgarren edukiontzia jartzeko aukera aztertu Valbuenaren hitzetan, «ezta, hau hobetzeko proposamenak aintzat hartu ere». Horrela, egin diren azterketen arabera, atez ateko sistemak «urteko 669.000 euroko kostua suposatuko dio Legazpiri», bozeramaileak baieztatu duenez.
Kontzientziazio kanpainak
Udal gobernuak gutxira martxan jarriko duen parte hartze prozesua «biziatua» dagoela esanez jarraitu du. Izan ere, herritarrek «Bilduk aurrez zehaztutako gaien inguruan bakarrik eman ahal izango dute euren iritzia». Sasieta Mankomunitateak, hondakinak gaika biltzeko ontziak «erosteko eskaera eginda» duela ere gaineratu du, eta ondorioz, parte hartze prozesuak zentzurik ez duela arrazoitu du.
Bien bitartean, Legazpiko alderdi sozialista «kontzientziazio kanpainak» bultzatzeko apustua egin du. Bide batez, hondakin organikoak bosgarren edukiontzi bidez jasotzeko jarrera berretsi du, eta «edukiontzien sistema hobetzeko modu jasangarrian egin beharreko aldaketak egitearen alde» agertu da.












