Iñaki Garitaonaindia ‘Gari’ kantari legazpiarrak bere bakarkako ibilbideko zazpigarren lana argitaratu berri du: Ez da amaiera. Hertzainak taldeko abeslari izan zen Gari, baina garai hura «oso urruti» ikusten du, eta nahiago du egunerokoan zentratu. Bere azken lanean, besteak beste, «gaur egun gertatzen den horren inguruko erreflexioa» dakar. Sonoritate berezia bilatu nahi izan du, base akustikoetan oinarrituta. Disko hau, azken lau urteetako ibilbidearen emaitza dela dio. Hitzei dagokionean berriz, «maitasuna margotzen dut bere kode intimoz eta ezinbesteko dituen zakarkeriekin ere bai». Disko berria aitzakia hartuta, elkarrizketa egin dio GoiBerri aldizkariak, eta bihartik aurrera irakurri ahal izango da.
Martxoan Bertsoa lehiaketa herrikoiaren hamaikagarren zikloari hasiera emateko dena prest dute dagoeneko Goierri garaian. Bihar eta etzi jokatuko dituzte lehenengo kanporaketak, Urretxun eta Ezkio-Itsason. Hiru kidez osatutako hiruna taldek hartuko du parte kanporaketa bakoitzeko. Hala, Aitor Lizarazu, Urko Egaña eta Beñat Zamalloa; Amaia Iturriotz, Maialen Akizu eta Itziar Pildain; eta Jokin Murua, Aratz Igartzabal Potto eta Endika Igartzabal izango dira lehian bihar, Motz tabernako oholtza gainean. Saiori, 23:00etan emango diote hasiera.
Goierri garaiko udal ordezkari eta herritarrek 197/2006 doktrina (Parot doktrina bezala ezagunagoa) indargabetzeko eta zigorra bete duten Ezkio-Itsaso eta Legazpiko hiru preso politikoak aske uzteko eskatu dute. Asteazken arratsaldean agerraldia egin zuten Ezkio-Itsasoko udaletxean preso politikoek bizi duten «egoera larria» ezagutzera emateko eta salatzeko. Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkateak eta Ana Alkorta ELA sindikatuko kideak hartu zuten hitza.