Goierri garaiko bizilagunek Parot doktrina indargabetzeko eskatu dute
Goierri garaiko udal ordezkari eta herritarrek 197/2006 doktrina (Parot doktrina bezala ezagunagoa) indargabetzeko eta zigorra bete duten Ezkio-Itsaso eta Legazpiko hiru preso politikoak aske uzteko eskatu dute. Asteazken arratsaldean agerraldia egin zuten Ezkio-Itsasoko udaletxean preso politikoek bizi duten «egoera larria» ezagutzera emateko eta salatzeko. Garikoitz Aiesta Ezkio-Itsasoko alkateak eta Ana Alkorta ELA sindikatuko kideak hartu zuten hitza.
Hilaren 20an Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Nagusiak Ines del Rio euskal herritarraren auzia berraztertuko duela gogoratu zuten. Espetxean 25 urte egin dituen preso politiko honek 2008an bete zuen bere zigorra, baina, aske gelditzear zela, zigorra beste bederatzi urtez luzatu zioten. Estrasburgoko epaitegiak espetxealdia luzatzeko oinarritzat hartutako 197/2006 doktrinak Euroko Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela eta Del Rio berehala aske utzi behar zela dekretatu zuen, baina Espainiak ez du epaia onartu eta preso jarraitzen du.
Egoera berean daude beste 72 euskal preso. Horien artean Ezkio-Itsasoko Gonzalo Rodriguez eta Legazpiko Kepa Solana eta Juani Delgado.
Asteazkeneko agerraldian parte hartu zuten herritarrek Espainiak euskal preso politikoen giza eskubideak urratzen dituela adierazi zuten, «milaka pertsonen sufrimendua eraginez eta Euskal Herrian abian den konponbiderako prozesua oztopatzeko helburuarekin».
Presoen espetxe zigorrak bidegabeki urratzeaz gain, senideengandik ehunka, eta batzuetan milaka, kilometrora urruntzen dituztela eta bakartze erregimen bereziak ezartzen dizkietela gaineratu zuten.
197/2006 doktrina indargabetzea euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikari bukaera emateko ezinbestekoa dela eta euskal gizartearen gehiengo zabala Estrasburgoko epaiaren alde dagoela aipatu zuten. «Gizarteak konponbiderako prozesuari bultzada emateko aktibo gisa kokatzen du».
Hori dela eta, zigorra bete duen presoak askatzeko eskatu zuten. Ezkio-Itsaso, Legazpi eta Urretxuko udaletan 197/2006 doktrina indargabetzeko mozioak onartu dira, Bildu eta EAJren botoekin.
Gainera, bi ekitaldi antolatu dira doktrina honen aurka eta zigorra bete duten presoak askatzearen alde. Datorren asteazkenean, 19:00etan, abokatu batek eta preso ohi batek hitzaldia emango dute Urretxuko kultur etxean. Eta hilaren 20an manifestazioa egingo da Legazpin. 19:00etan irtengo da, Euskal Herria plazatik.













