
Udaberriarekin batera, eta Sasieta Mankomunitatearen Sasietan lore leloarekin bat eginez, martxoaren 21etik aurrera, atez ateko hondakin bilketa sistema martxan jarriko dute Itsasondon, Legorretan eta Zaldibian. Horrela jakinarazi zuten atzo, Sasietaren egoitzan, Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko presidenteak, Asier Garro Itsasondoko alkateak, Bakartxo Mendez Legorretako alkateak eta Joxan Etxabe Zaldibiako alkateak.
Itsasondon, Zaldibian eta Legorretan herritarrekin batera hondakinak ahalik eta egokien kudeatzeko bilketa sistemak diseinatu dituzte, «bilketa pertsonalizatu egoki baten bidez, eredu iraunkorragoa lortu nahi dugu, beti ere, ingurumen irizpideak nahiz irizpide sozial, tekniko eta ekonomikoak lehenetsiz», dio Andonegik. Era horretan, Sasietako presidenteak emandako datuen arabera, atez ateko hondakin sistemarekin posible izango da %80 baino gehiago birziklatzea, «gaur egungo tasa 40 puntutan hobetzea». Birziklatze datu hobeak lortzearekin batera, lanpostuak ere sortuko direla zehaztu du Sasietak.
Material banaketa
Hondakinen bilketa sistemaren aro berrira egokitzeko prestaketan ari dira Legorretan, Itsasondon eta Zaldibian. Zutabeak eta guneak egokitzen ari dira egunotan.
Era berean, hondakinen gaikako bilketa sistemarekin funtzionatzen hasteko beharreko materiala banatzen hasiko da egunotan Sasieta; dohainik banatuko du material guztia. Legorretan bihar bertan hasiko dira edukiontziak, poltsa konpostagarriak eta hondakinak ondo bereizteko gida eta egutegia banatzen. Zaldibian martxoaren 14tik 16ra egingo dituzte banaketak, Itsasondon martxoaren 15ean eta 16an. Baserri eta landa eremuko bizilagunei, berriz, bilketa gune komunitarioa erabiltzeko txartel elektronikoak eta gida emango dizkiete.